"Gakoa da ez etsitzea, amore ez ematea"

2013ko maiatzaren 31
16:53
Entzun

Bi aldiz munduko txapeldun txirrindularitza paralinpiarrean, lau Paralinpiar Jokoetan aritua, dozenaka domina eta txapelketa irabazitakoa, Victor Hugo Garridok (Santa Cruz de Mora, Venezuela, 1966) gogor jarraitzen du lanean, begirada Brasilgo Olinpiar Jokoetan jarrita. Baina dagoen lekura iristeko bidea ez zaio batere samurra izan. Motor istripu batean hanka galdu zuenean bizimodua erabat aldatu zitzaion, baina, berak dioen moduan, inoiz ez zuen amore eman. Egun, Bilbon bizi da.

Nola galdu zenuen hanka?

Istripu batean, 1989ko maiatzean. Lagun batekin nindoan motorrean, kopilotu, eta auto bat aurreratzen ari ginela, beste motor bat jo genuen. Berna hezurra apurtu nuen. Nire herritik ospitale nagusira eraman ninduten, hiriburura, baina han ez zidaten ebakuntza egin. Diotenez, zirujaua ez zen agertu. Pasmoa garatu nuen eta, azkenean, hanka moztu behar izan zidaten.

Zer gogoratzen duzu hartaz?

Denbora osoa dopatuta eman nuen, eta ez dut askorik oroitzen, baina gogoan dut ez nuela nire buruaren kontzientziarik eta, hala ere, sekulako oinazea sentitzen nuen, barrutik haragia urratuko balidate bezala. Ebakuntzaren ostean, esnatu nintzenean, ekaitz handi bat pasatu izan balitz bezala zen, baretasun handia sentitzen bainuen. Ez daukat hitzik azaltzeko zer sentitu nuen behera begiratu eta hankaren lekuan hutsa ikusi nuenean. Oso tristea izan zen.

Nolako arta izan zenuen?

Garai hartan Venezuelan gizarte segurantzarik ez zegoen, ez prestakuntza psikologikorik, ez ezer. Agur, eta gero arte: zeu bakarrik, herri txiki bateko mutil gaztea, munduaren aurrean. Ez nekien zeri egin behar nion aurre. Ospitaletik atera nintzenean, senideek lagunduta, hiriburuko erdigunean, lehenengo aldiz ikusi nituen eskaleak kale bazterretan. Nik sentitzen nuen ez nuela etorkizun hori nahi.

Nolakoa izan zen ebakuntzaren osteko prozesua?

Garai hartan, inork ez zekien elbarritasun bat daukan pertsona nola tratatu. Inork ez zuen nirekin hitz egiten, ni ez mintzearren. Horren ondorioa zen tristezia, negarra. Lagunek esaten zidaten haiekin joateko, ondo pasatzera, joaten nintzen, baina bazter batean eseri eta negarretan hasten nintzen.

Eta lanean?

Lanean ateak itxi zizkidaten. Eskola batean egiten nuen lan, hezkuntza fisikoko irakasle. Nik berdin-berdin egin nezakeen nire lana, hitzak erabiliz gorputza erabili beharrean, baina pentsatu zuten ezetz eta bazter batean utzi ninduten. Argi ikusi nuen lana, egon, bazegoela, baina nire egoera zela-eta ez zidatela ematen. Elbarrien errealitatea ezagutu nuen, baina sistemaren errealitatea. Eta migratzea erabaki nuen. Caracasera joan nintzen, 1992an. Lehenengo egunak latzak izan ziren, kalean lo egin behar izan nuelako, leku batetik bestera, lan bila.

Zer egin zenuen?

Caracasko plaza batean elbarri talde bat ikusi nuen, kalean saltzaile ibiltzen zirenak, Udal Jauregia hartzera zihoazela saltzeko baimena eskuratzeko asmoz. Argi esan zidaten errepresioa egongo zela, makilakadak egongo zirela, baina, nahi banuen haiekin joateko. Eta joan nintzen. Hiru eguneko borroka izan zen, baina, azkenean, lortu nuen, eta lana eman zidaten.

Nola hasi zinen kirola egiten?

1992an hasi nintzen, maratoietan lasterka eginez, makuluekin. Ni beti izan naiz pertsona kritiko eta borrokalaria, eta ikusten nuenez ez gintuztela kontuan hartzen, protesta egiten nuen. 1995ean, bizikleta hartu eta Venezuela osoa ibili nuen, 115 egunez, orduan atera zuten Ezinduen Integraziorako Legearen berri emateko eta han aldarrikatzen ziren eskubideak bazter guztietara eramateko. Hiri askotan, gu hurbildu ahala, alkate eta agintariak ezkutatzen ziren, eskaleak zetozelakoan. Horrela ikusten gintuzten, eskean zeuden gizagaixo batzuen modura.

Venezuelan zeharreko bira horretan, Hugo Chavezekin topo egin zenuen, geroago presidente izendatuko zutena.

Chavez presidenteak duintasuna itzuli zien ezintasunak zituzten pertsonei. Venezuelako kirolari sekulako bultzada eman zion, kirolariaren jatorri eta klase sozialari begiratu gabe. Ni, neurri batean, kirol politika horren isla naiz. Nik istripua izan nuenean ez neukan gizarte segurantzarik; orain, Chavezi esker, mundu guztiak dauka gizarte segurantza, eta hori da Chavezek egin duen gauzarik handienetako bat.

Lasterketak utzi, bizikleta hartu, eta Ameriketako Estatu Batuetara joatea lortu zenuen.

1997. urtean joan nintzen AEBetara, 2000. urtera arte, eta urte hartan, nire ametsa bete nuen eta Sydneyko Paralinpiar Jokoetan parte hartu nuen. AEBetan esaten zidaten han gelditzeko, Paralinpiar Jokoetan AEBak ordezkatzeko aukera izango nuela eta ea zer egin behar nuen Venezuelaren moduko herrialde ziztrin batean. Baina ni harro nago venezuelarra izateaz, eta nire herrialdea ordezkatu nahi nuen.

Venezuelara iritsitakoan, Bilborako bidea hartu zenuen. Zergatik?

Konturatu nintzen txirrindularitza ez zela AEBetan garatzen, Europan baizik, eta Sydneytik bueltan Europara jotzea erabaki nuen. Nazionalitate bikoitza dudanez, paperak konpondu nituen eta hona etorri nintzen. Hainbat lekutan egon nintzen, baina 2001ean Bilborekin maitemindu nintzen eta hemen gelditu nintzen.

Zer eman dizu kirolak?

Paralinpiar kirolaren munduak erakutsi dit zein liluragarria den giza gorputza, nola bilatzen duen aurrera egiteko modua ezgaitasunen gainetik. Izan ere, nire moduan ospitaletik elbarritasun batekin atera ziren pertsona askori ametsak kendu zizkieten. Esperantza kendu zien zementuzko gizarte krudel batek, sistema ez baitzen gauza izan pertsona horiei aukera bat emateko. Gakoa da ez etsitzea, amore ez ematea, zure amets eta itxaropenei eustea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.