Indar metaketa konponbiderako tresna eraginkorra dela esaterakoan ados azaldu dira Mikel Arana (EB), Arnaldo Otegi (ezker abertzalea), Onintza Lasa (EA) eta Mikel Basabe (Aralar). Joseba Egibarrek (EAJ) ez du hitz horiekin esan: Espainiako Estatuak Euskal Herriari «neurria hartu» diola ohartarazi du, eta hori gertatu bada, estatuari aurre egiteko masa kritikorik ez dagoelako dela gaineratu. Masa kritiko horiek sortu behar direla esan du.
Martin Ugalde Foroak eta BERRIA-k antolatuta, mahai inguruan batu ziren atzo bost politikari horiek, Andoainen. Ikusmin handia sortu zuen Pello Urzelai BERRIA-ko Politika Saileko arduradunak gidatutako mahai inguruak, eta aretoa jendez bete zen. Hauteskunde usaineko ekitaldia izan zen, baina ez zen PPko eta PSE-EEko ordezkaririk, nahiz eta haiek ere kanpainan aritu. PPkoek ezin zutela joan esanez justifikatu zuten beren falta, eta PSE-EEkoek, berriz, ezker abertzalea mahai inguruan zenez, beraiek ez zirela joango azaldu zuten. Espetxean egon arren, Amparo Lasherasen presentzia ere izan zen. Otegik atera zuen Demokrazia 3.000.000ko (D3M) hautagaiaren argazkia, mahai inguruan egotea berari dagokiola azpimarratuz.
Euskal Herriko gatazka politikoaz eta bertatik irteteko moduez hitz egin zuten tarterik zabalenean. Egungo esparru politikoa gainditzearen alde agertu ziren guztiak, baina bakoitzak formula desberdina jarri zuen mahai gainean. Nolanahi ere, eta ñabardurak ñabardura indar metaketaren beharra aldarrikatu zuten EAJk ez beste alderdi guztiek.
«Estatuak herri honi neurria hartu dio» esan du Egibarrek, konponbideari buruz hitz egiterakoan. Eusko Ikaskuntzaren leloari erreferentzia egin dio beste behin ere: «Txikiak handia benzi leidi, asmoz eta jakinez». Lortu behar dena errespetua dela uste du. Estatuari aurre egiteko «masa kritikoa» falta dela eta hori behar dela dio EAJren hautagaiak. Egungo esparru politikoa agortuta dagoela onartu, eta estatus politiko berriaren giltzarria «errespetua» dela nabarmendu du.
Hauteskundeen ostean sortuko den legebiltzarrean «denak» ez direla egongo onartu du Egibarrek. Legez kanporatzeei aurre egiteko modu desberdinak daudela azaldu du, eta ohartarazi du «inteligentziaz» jokatu behar dela. «Estrasburgora joan zaitezke, baina bitartean, hemen, estatuak terrenoa irabazten du».
«Bietan jarrai» amaitu dela azpimarratu du, eta bakoitzak bere «etxeko lanak» egin beharko dituela. Hala, EAJri ez ezik, ezker abertzaleari eta ETAri ere estatuak «neurria hartu» diola dio.
Arnaldo Otegik onartu egin dio estatuak EAJri neurria hartu diola. «Ez dut uste oso zaila izan duenik». Ezker abertzaleak zailtasunak dituela ere aitortu du.
«Hauteskunde antidemokratikoak» izango direla jakin arren, lehia politikoan aurrera jarraitzea aurpegiratu die Otegik gainerako hizlariei. Konponbiderako ezinbesteko baldintza, aukera politiko guztiek aukera berdintasuna izatea dela azpimarratu du. Ondorengoak dira gakoak ezker abertzalearen irudiko: erresistentziatik estrategia eraginkorrera jauzi egitea; estatuarekin «demokratikoa izan daitekeen» konfrontazioa egiteko indarrak metatzea; negoziazioaren bitartez akordioa lortzea; eta Europaren babesa izatea. Horrela hartuko zaio neurria Estatuari, ezker abertzaleko kidearen irudiko. Horretarako guztirako, abertzaletasunak, oro har, «argipen estrategikoa» behar du, bere ustez.
Egungo esparrua aldatu behar dela ez dauka dudarik Otegik, baina une honetan «arriskua» dagoela ohartarazi du, EAJk eta PSE-EEk elkar hartu eta «herri hau iraganera begira jartzeko».
«Estatua urduri»
«Indar abertzale demokratikoen» metaketaren alde dago EA, «zurrunbilo honetatik ateratzeko». Onintza Lasak azpimarratu duenez, horrexekin jartzen da «urduri» Estatua, ez baitaki batasun horri nola erantzun. Hala, konponbiderako printzipioak honakoak dira EAren irudiko: oinarrizko eskubideen defentsa; negoziazioa eta akordioa; eta gizarteak erabakitzea. «Injustizia bati beste injustizia batekin erantzuteak ez du justizia sortzen», esan du.
Horretarako «tentsioa berreskuratu» behar da Lasaren ustez. Kontsultarako Legeak porrot egin ostean, krisi ekonomikoa bezalako gaiak gatazkaren konponbidearen gaiari gailendu egin zaizkiola dio. «Tentsio hori berreskuratu egin behar da».
Esparru politikoaren aldaketarako, aurreneko akordioa Euskal Herrian lortu behar dela uste du EAk, eta gero Espainiarekin adostu behar dela. Espainiarekin adostasuna lortzea ezinezkoa bada, Europara jauzi egin behar dela azaldu du. «Bideak ez dira agortzen borondatea baldin badago».
Egungo egoeratik atera eta konponbiderako atea irekitzeko gakoa ETAren amaiera da, bestalde, EBren irudiko. Ikuspegi etiko eta politikotik ETAk amaitu beharra daukala azaldu du Aranak. ETA desagertzen denean bi mahai abiatu behar direla aldarrikatu du: batetik «bakea» ekarriko duen ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko mahaia; eta bestetik «normalizazio politikoa» ekarriko duen alderdi eta eragileen mahaia. Bigarren mahai horretan eragile politiko guztiek hartu behar dute parte, Aranaren irudiko, eta beraz, Espainiako Alderdien Legea desagertzea ere ezinbestekoa iruditzen zaio. Mahai horretan akordioa lortu, eta amaieran autodeterminazioa gauzatu behar da, bere ustez.
Baina, horretarako, estatuak gatazka politikoa konpontzeko beharra sentitu beharra daukala azaldu du Aranak, bitartean ez dagoela zereginik uste du.
Hortik abiatuta, egungo esparru politikoa aldatzearen alde dago EB. Horretarako adostasuna aurrena «hemen» lortu behar da bere esanetan, eta gero Espainiarekin egin behar da ituna. Bere ustez, konfrontazioarekin «ez goaz inora». Atxikipen askeko federalismoa proposatzen du EBk.
Konponbidea lortzeko «bide huts-hutsik demokratikoak» jarraitu behar direla berretsi du Aralarrek. «Gatazka politikoak ez du zertan adierazpen militarrik izan». Indarrak batu behar direla azpimarratu du Mikel Basabek, eta Ipar Euskal Herrian posible denak Hego Euskal Herrian ere hala izan behar duela dio. Hala, Iparraldean Euskal Herria Bai koalizioa martxan dagoela ekarri du gogora, eta «baskongadoei» dei egin die, bertatik kanpora begiratzeko, ereduak beste toki batzuetan egon daitezkeelako.
Espainiako Gobernuak dena «aitzakia baten pean» jartzen duela esan du, eta bere ustez, «bitartean denbora gure kontra doa». Gakoa erabaki eskubidea dela aldarrikatu du, eta horretarako hiru esparru daudela zehaztu ostean, nabarmendu du herritarrak konbentzitu egin behar direla. «Ahalik eta ondoen egin behar dugu, ahalik eta gehienen artean».
Aralarrek proposatzen duen esparru politikoa «zazpi herrialdez osatutako Euskal Herri konfederala» dela azaldu du. Euskal Herriaren barruan konfederazioa egotea da Aralarrentzako formularik egokiena. Izan ere, herrialde bakoitzak bere nortasuna garatu duela azpimarratu du Basabek.
Gakoa: indar metaketa
Mahai ingurua antolatu du Martin Ugalde Foroak, EAJko, ezker abertzaleko, EAko, EBko eta Aralarreko ordezkariekin -PPk eta PSE-EEk ez dute parte hartu nahi izan-. Espainiako Estatuari "neurria" nola hartu izan dute aztergai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu