GAKOAK

2015eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
79 artikulu eta bost xedapen ditu emakumeen aurkako indarkeriaren kontra egiteko Nafarroako legeak. Atzo osoko bilerara ailegatu baino lehen, 30 zuzenketa aurkeztu zituzten parlamentuko taldeek batzordean, eta haietako hogei onartu zituzten. Honako hauek dira testuak jasotako giltzarri nagusietako hainbat:

1Indarkeria zer den. Emakumeek emakume izateagatik jasan dezaketen indarkeria ororen kontra egiten du legeak: bikotekidearen edo bikotekide ohiaren eskutik jasotakoa, feminizidioak, ablazioa, sexu erasoak, ezkontza behartuak, eta abar. Indarkeria fisikoa, psikologikoa eta sexuala jaso ditu legeak, bai eta ekonomikoa ere.

2Hezkuntza. Indarkeriari aurre egiteko neurriak jaso ditu legeak. Bertzeak bertze, hezkuntzaren esparruan. Arlo horretan azken urteotan izan diren gabeziak salatu izan dituzte Nafarroako emakume taldeek. Testu berriaren ondorioz, bertzeak bertze, hezkidetza planak egin beharko dituzte irakaskuntza zentroetan.

3Paperik gabeko emakumeak. Osasunaren esparrua bereziki aipatzen du legeak: batetik, emakumeen aurkako indarkeriari antzemateko, eta, bertzetik, emakume horiek artatzeko. Egindako zuzenketei esker, paperik gabeko emakumeek ere zerbitzu hori jasotzeko eskubidea dutela zehaztu du legeak.

4Zerbitzuen zerrenda. Indarkeria jasan duten emakumeek eskubidea izanen dute hainbat gizarte zerbitzu jasotzeko, eta zerbitzu horiek urtebeteko epean zehaztu beharko ditu Nafarroako Gobernuak, legeak hala jaso baitu. Horrela, emakumeentzako zerbitzuak eta laguntzak bermatu nahi ditu testuak.

5Ordaina. Lege berriak jaso duenez, indarkeria jasan duten emakumeek ordaina jasotzeko eskubidea dute. Laguntzak jasotzeko aukera zehazten du legeak, alde horretatik. Ordaina jasotzeko eskubidearen izaera kolektiboa ere nabarmendu du legeak; omenaldiak eginez, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.