Eztabaidagai asko ematen ari da haurdunaldi subrogatuen auzia. Hona hemen EH Bilduren txostenean ageri diren gogoeta batzuk:
Guraso izatea, eskubide? Ama edo aita izan nahi izatea desio bat da, ez eskubide bat, txostenean ondorioztatu dutenez: «Guraso izatea desiratzen dugunean, ez gara eskubideen joko zelaian kokatzen, baizik eta desio, nahi eta borondateen esparruan». Etxebarrietak gogoratu du «patriarkatuak barruraino sartutako» nahi bat dela. Dena den, ernalketarako baliabideek «guztien esku» behar dutela erantsi dute.
Karga genetikoaren pisua. Kasuistika «askotarikoa» dela dio txostenak, baina onartzen du haurdunaldi subrogatura jotzeko arrazoietako bat dela, «ez hainbeste adopziorako aukera ez izatea».
Homosexualen interesak. Haurdunaldi subrogatua gayen aitatasunari lotu zaio maiz, baina txostenak «kanpaina mediatiko bati» egotzi dio ideia hori. Izan ere, teknika hori erabiltzen dutenen %80 heterosexualak dira. «Praktika honen ikuspegi ia humanitarioa zabaltzen ari dira enpresa asko, baina diru pila bat irabazten ari dira, eta, gainera, sarri heteroaraua indartuz», erantsi du Etxebarrietak.
Emakumeen gorputzaren erabilera. «Emakumeak eta haien umetokiak merkatu trukerako gune bilatzeko» arriskuaz ohartarazi dute txostenean: «Andreak ez dira ernaltzeko makina biologikoak». «Diru sarrerak lortzeko» hautatzen dute teknika horren bidez haurdun geratzea, eta koalizioak hori egiteko erabakimena aitortzen die: «Askotan, Mendebaldeko emakumeok beste herrialdeetako andre txiroen izenean hitz egiteko joera dugu. Amatasuna bera nola ulertzen den desberdina da herriaren arabera».
Desoreka ekonomikoak. «Ordaintzeko dirua daukanaren eta ordaindua izateko beharra duenaren arteko» harremana da subrogazioa, txostenaren arabera; koalizioak galdetu du «erlazio horizontaletatik» abia ote litekeen halakorik. Pertsonen arteko desorekaz gain, herrialdeen artekoa ere azaleratu du: «Ekonomikoki gehien garatutako herrialdeetatik dator eskaera».
GAKOAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu