GAKOAK

2019ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Jaurlaritzak 2017ko abenduan eman zuen lan eskaintzaren berri. Honako hauek dira Darponen dimisioa ulertzeko puntu nagusiak.

Inoizko jendetsuena. Osakidetzak 3.335 plazako eskaintza egin zuen. 96.000 pertsonak eman zuten izena; iazko maiatzean hasi ziren frogak.

Salaketak eta aktak. Ekainaren 1ean lehen «irregulartasun» salaketak egin zituzten sindikatuek. Ekainaren 4an, Elkarrekin Podemosek eta ESK sindikatuak notario akta bat aurkeztu zuten, non Anestesiologiako emaitzak zuzen asmatu zituzten. Osakidetzako zuzendaritzak garrantzia kendu zien salaketei, eta salatzaileak kritikatu zituen.

Osakidetzako ikerketak. Osakidetzako zuzendaritzak bi ikerketa ildo iragarri zituen Eusko Legebiltzarrean ekainaren 8an: barne ikerketa, eta azterketen ikerketa psikometrikoa, Oviedoko Unibertsitateko adituek egina. Ikerketen ostean, irregulartasun zantzuak baztertu zituzten, baina, aldi berean, neurriak iragarri zituzten.

Azterketen emaitzak. Oviedoko Unibertsitateko ikerketak «bat ez zetozen» emaitzak antzeman zituen azterketetan; ordea, ez zuen baloraziorik egin irregulartasunen gainean. Azterketa horietan muturreko aldea zegoen noten artean. Are gehiago, nota oso altua zutenen kopurua bat zetorren eskainitako lanpostu kopuruarekin.

Neurriak errudunik gabe. Ikerketak amaituta, irregulartasun zantzuak hiru espezialitatetara mugatu zituzten, eta Osakidetzako arduradunek azaldu zuten horiek errepikatuko zituztela. Beste lau espezialitatetan informazio txostenak hasi zituzten. Ordea, horren errudunik ez zegoela errepikatu zuten, eta lan eskaintzarekin aurrera egin zuten.

Aurrera begira. Ikerketen emaitzak eta neurriak aurkeztuta, Osakidetzako kontratazio sistema berritzeko pausuak iragarri zituen Darponek. Aditu bati txostena eskatu zion Osasun Sailak, eztabaidarako oinarri bat egin zezan. Oposizioak gogor kritikatu zion Darponi eredu berria lantzen hastea aurrekoaren arazoei erreparatu gabe.

Dimisioak Osakidetzan. EH Bilduk ikerketa batzorde bat abiaraztea proposatu zuen legebiltzarrean. PPren babesa behar zuen aurrera egiteko; popularrak Maria Jesus Mujikaren dimisioa ari ziren eskatzen. Mujikak azaroan eman zuen dimisioa. Gerora, Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendaria joan zen. PPk ez zuen batzordea babestu.

Fiskalaren txostena. Carmen Adan EAEko fiskalburuak hilabeteetako ikerketaren emaitzak bidali zituen epaitegira. Delitu zantzuak topatu zituen 11 espezialitatetan. Mediku zehatzen jardunbidea ez ezik, Osakidetzaren jokabidea kritikatu zuen fiskalak, ez zuelako «irizpide objektiborik» epaimahaikideak aukeratzeko orduan.

Epailea. Joan den astean, Gasteizko bigarren instrukzio epaitegiak tramiterako onartu zuen fiskal nagusiaren kereila. Fiskalak hiru mediku akusatu zituen, eta epaileak ikerketapean jarri zituen. Fiskalak Osakidetzako hiru arduradun aipatu zituen, eta epailearen esku utzi zuen horiek ikertzea edo ez. Oraingoz, lekuko moduan hitz egingo dute.

Darponen dimisioa. Erantzukizun politikoa aitortu, baina karguan jarraitu du, lehendakariaren babesarekin. Iragarri zuen kargua utziko zuela Eusko Legebiltzarraren konfiantza galduz gero. PP prest agertu da datorren ostegunean Osasun sailburuaren aurka bozkatzeko. Aurretik, Darponek dimisioa eman du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.