Gakoak

Espazioaren ikerkuntzan azken urteotan egin den misiorik garrantzitsuena da Rosetta. Hona haren inguruko hainbat jakingarri:  

2014ko abuztuaren 6a
18:43
Entzun

1.Historia eta iraupena. Espaziontzia 2004ko martxoaren 2an aireratu zuten, Guayana Frantsesetik. Hamar urte egin ditu, beraz, jarritako helburura gerturatzen. Nazioarteko misio honen atzean askoz ere historia luzea dago, ordea: 1993an onartu zuten lehenengoz, eta hasieran beste kometa bat aztertzea bazen ere asmoa —46 P/Wirtanen deitua— atzerapenen ondoren, azkenean espaziontzia orain aztertzen ari den astroaren orbitara bidaltzea erabaki zen. Misioa, berriz, 2015 amaieran bukatuko da. Gaurko urrats garrantzitsuaren ondoren, hurrengo mugarria, zinetan esanguratsua, azaroan izango da, espaziontziko Philae zunda kometan ainguratzen denean; ukitu, zulatu, eta aztertzeko era izango du.

2.Helburuak. Kometak ezagutzea da misioaren xedea. Tankera horretako astro bat inoiz baino gertuagotik aztertzeko modua emango du, hain zuzen ere: bertatik. Kometen egitura, morfologia eta ezaugarri fisikoei buruzko informazio aski garrantzitsua eskuratu ahal izango dela diote adituek. Kometen jatorriari buruzko gakoak eskuratzea espero dute, eta Eguzki Sistemako gainerako astroekin duten loturari buruzkoa. Emaitzetan oso esperantza handiak dituztelako jarri zioten misioko arduradunek Rosetta izena misioari. Izan ere, antzinako Egiptoko aztarna batek —hiru idazkera mota ezberdinetan idatzitako estela zahar bat— izen hori jarri zioten; informazio erabakigarria eman zuen aztarna haren ikerketak, eta orain ere datu aski baliagarriak jasoko dituztela diote.

3. Espaziontzia. Kaxa baten egitura du espaziontziak; 2,8 metro luze, 2,1 zabal eta 2 metro sakon. Eguzkiaren izpietatik energia eskuratzeko bi panel handi ditu, 64 metro koadroko azalera hartzen dutenak, eta 14 metroko luzera. Atxikita du espaziontziak Philae zunda. Biak, espaziontzia eta zunda, ikerketarako gailuz josita daude: orbitan ibiliko den espaziontziak 11 tresna ditu, eta komentan itsatsita egongo denak, berriz, hamar.

4. Bidea. Gaurtik orbita berean daude kometa eta espaziontzia. Misioak iraun bitartean kometarekin bidea egingo du; hark Eguzkiarekiko izaten duen hurbiltzerik handienean —perihelion deitutako fasean—, kometaren ondoan egongo da, horrek astroak zer nolako eragina duen aztertzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.