Atxiloketak

Galarraga, Rekarte eta Matxikotek epailearengana joan beharko dute asteartean; hark hirurak Espainiako Justiziari entregatu edo ez erabakiko du

Frantziako Poliziak Segiko hiru kide atxilotu ditu gaur goizean ipar Euskal Herrian: Haritza Galarraga, Amaia Rekarte eta Yves Matxikote. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek emandako atxilotze euroagindua dela-eta atxilotu dituzte. Ordu batzuk geroago hiruak aske utzi dituzte, baina asteartean Frantziako Justiziako epaileren baten aurretik pasa beharko dute. Hark, prozedura administratibo baten bidez, Segiko hiru kideak Espainiako Justiziaren esku utzi edo ez erabaki beharko du, 20 eguneko epean. Ez dute helegitea jartzeko aukerarik izango.

2004ko maiatzaren 12a
18:32
Entzun
Galarraga, Rekarte eta Matxikote prentsaurrean agertu dira arratsaldean. Han azaldu dutenez, aurtengo apirilaren 1etik martxan den euroaginduak aukera ematen duen bezala, Frantziako Justiziarekin arazorik izan ez arren hirurak Espainiako Justiziari entregatzea espero da, epaituak izan daitezen.

Garzonek legez kanpo utzi zuen Segi 2002an, eta hango 12 kideren kontrako atxilotze agindua eman zuen. 2002an kaleratu zuen autoan "ETA-EKINek ezarritako ekintza terroristen" marku globalean "delitu ekintzak egiteko aginduan eman eta zuzendaritzak ezartzea" leporatu zien Segiko kideei.

"Gurutzadaren biktimak"

Askatasunak "gogor" salatu ditu atxiloketak, "iritzi politikoen askatasunaren aurkakoak" direlako. Gainera, "Garzon epaileak ezker abertzaleko mugimendu politikoen aurka daraman gurutzadaren biktimak" direla diote. Frantziako "agintariek" Espainiako gobernuaren "errepresioarekin daramaten kolaborazio lotsagarrian urrats berri bat" eman dutela gaineratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.