Euskal Herria

Galdakaoko Gazte Asanbladako kideak gose greba utzi du

Galdakaoko Gazte Asanbladako kide Gorka Menendezek gose greba utzi du hamargarren egunean. Goizeko udalbatzarrean, hiru galdera egin dizkiote Joseba Escribano alkateari (EAJ), duela hamabost egun okupatu eta handik egun gutxira kaleratu zituzten gaztetxearen inguruan. Ez dute erantzunik jaso, ordea.

2011ko martxoaren 30a
20:07
Entzun

"Edozein iritzi ematea eta edozein motatako akordioa lortzea ukatu" egin zaiela iritzita, protesta ekintza bertan behera uztea erabaki du Gazte Asanbladak. Espero bezala, goizean ez dute udaletxera sartzeko arazorik izan. Gazte Asanbladako kideak isilik egon dira bukaerara arte. Galdera eta iradokizunen txanda iritsi denean hartu dute hitza. "Eskaera eta iradokizunei erantzunik ez emateko ohitura dugu", jaso dute erantzun modura. Bilkura bukatutakoan, EAJko ordezkari batekin biltzeko aukera izan dute, hala ere. Eta baita kalera irtendakoan Escribanorekin berarekin egotekoa ere. Hitz eman die aukera izango dutela Ibon Uriberekin, hau da, maiatzeko hauteskundeetan haren ordez EAJren alkategai izango denarekin elkartzeko, hauteskundeak egin baino lehen, "gazteentzako espazio baten inguruan eztabaidatzeko".

Gazte Asanbladak "ontzat" jo ditu bi aste hauetako ibilerak. "Nahiz eta gaur egun lortu nahi genuen gaztetxea lortu ez, badakigu herrian aurrerapauso handiak eman ditugula, ametsei erantzuna aurkitzeko gazteria antolatuago eta aktiboago baten bidean". Adierazi dutenez, badute itxaropena gaztetxearen inaugurazioa ospatzen ibiliko direla uste baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.