Galdakaoko ospitaleko zuzendaritzari murrizketarik ez ezartzeko eskatu diote 12.000 erabiltzailek eta mila langile baino gehiagok.
22 egun kanpatuta egin dituzte langileek ospitalearen aurrean, mozketen aurka sinadurak batzen. 12.292 erabiltzailek eta 1.095 langilek izenpetu dute eskaria.
Hiru asteko kanpaldiaren ostean, gaur bukatu dute sinadura bilketa, eta erregistroan aurkeztu dituzte eskakizun guztiak, zuzendaritzari zuzenduta.
Osakidetzako langileei lanaldia ez luzatzeko, ordezkapenak egitera itzultzeko, pribatizazioari biderik ez irekitzeko eta gisako eskakizunak egin dizkiote langileek zuzendaritzari.
Bihar, Maiatzaren 1eko protestekin bat eginez, Galdakaoko erietxetik bertatik abiatuta, Bilbora joango dira bertako langileak, martxan. 08:30ean abiatuko dira.