ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Galdeketa egin ahal izango dute Itsason, auzitegiak Urkijoren helegitea ezetsita

Goierriko Hitza-k argitaratu duenez, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Ezkio-Itsasoko Udalari eman dio arrazoia. Igandean egingo dute Itsaso berriro udalerri izateari buruzko galdeketa.

Ezkioko —ezkerrean— eta Itsasoko —eskuinean— herri kaskoak agertzen diren bista panoramikoa. BERRIA
2016ko irailaren 15a
16:31
Entzun

Espainiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkari Carlos Urkijok helegitea jarri zuen Ezkio-Itsasoko Udalaren aurka, baina ez du aintzat hartu auzitegiak. Nahi al duzu Itsaso berriro udalerri izatea? izango da galdera, eta 09:00etatik 20:00etara izango dira irekita bozkalekuak, Itsasoko Ostatuko bigarren solairuan. Galdeketaren emaitza ez da loteslea, baina Gipuzkoako Aldundiak herritarren nahia errespetatzeko konpromisoa hartua du.

1965eko martxoaren 2an batu ziren Ezkio eta Itsaso herriak, frankismo betean. Mugakide ziren bi herriak erreka batek soilik banatzen zituen. Bi udalek arazo ekonomikoak zituzten, eta orduko agintariek erabaki eta inposatu zuten bi herriak batzea. Ordutik, udal bakarra dute, baina "beti" egon da banatzeko eskaera. Bi herriak batu zituztenean, antzeko biztanleria zuten, baina, hamarkada batzuk geroago, aldatu egin da panorama: 460 inguru dira Ezkion, eta 160 inguru Itsason. Bat egitearekin batera, udal zerbitzuak zentralizatu egin ziren Santa Lutzi-Anduagan (Ezkio), eta horrek eragin zuzena izan du.

Itsasoarrek desanexioa eskatzen zuten, eta horri bide ematea erabaki zuen udalak 2011n. Bost urte geroago, ia gauzatu dute banantzea: Itsaso desanexionatu egingo da, eta Gipuzkoako 89. herria izango da. Izatez, Igeldo zenbaki hori hartzekoa zen, baina haren desanexioari buruzko erabakia etenda dago, EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.