"Usurbilgo hondakinak tratatzeko, erraustegia egokia iruditzen al zaizu?". Galdera horixe egin nahi zuen Usurbilgo Udalak. Erraustegia Erabakia plataformak 2016ko urtarrilean jasotako sinadurak udalean aurkeztu ondotik, otsailaren 23ko udalbatzarrean onartu zuten, gehiengoz, galdeketa egiteko baimena eskatzea —prozedura hori jarraitu behar da galdeketa lotesleen kasuan—. Martxoaren 4an egin zion eskaera, eta lehengo astean jaso zuen ezezkoa, ofizialki izan ez arren. "Udalak ez du jakinarazpen ofiziala jaso, oraindik. Datorren astean jasotzea espero dugu, baina Espainiako ministroen kontseiluak lehengo ostiralean argitaratu zuen albistea, eta, beraz, ukoa garbia da", azaldu du Xabier Arregi alkateak.
Arregik nabarmendu duenez, "zilegizkoa" eta "arduratsua" da hondakinak errausteak "eragingo dituen ondorioen eta kostu ekonomikoen jakitun", hondakinak erraustu nahi dituzten edo ez galdetzea herritarrei. Alaitz Aizpurua zinegotziak salatu du herritarrei ez zaiela galdetu errausteaz, eta saiatu izan direnean, ez dietela utzi. Kezka ere adierazi du, Hondakinak Kudeatzeko Zentroaren eraikitze eta kudeaketaz azken asteetan jakin diren informazioekiko: "Hori gutxi balitz, oso kezkagarria da erraustegiaren eraikuntza eta ondorengo kudeaketaren inguruko opakotasuna. Azken asteetan ikusi ahal izan dugun bezala, gutxieneko osasun bermerik izan gabe, herrialdeko gizarte eragile askoren aurkakotasunarekin eta Europan hainbat erraustegik sortu dituzten arazoei muzin eginez, aurrera jarraitzen dute proiektuarekin".
Zentzu horretan, eta galdeketaren zilegitasuna nabarmenduz, herritarrei itzuli diete galdeketaren aukera aztertzeko lana: "Herritarrei itzultzen diegu galdeketa egiteko eskumena. Kezkaren tamaina ezagututa, inoiz baino zilegitasun handiagoa du galdeketak".