kataluniako prozesu subiranista

Galdeketara deitzeko dekretua sinatu du Masek

Kontsulta legea konstituzioaren aldekoa dela berretsi du Generalitateko presidenteak, dekretua sinatu osteko ekitaldian. "Bozkatu nahi dugu, erabaki nahi dugu eta orain dugu aukera; demokraziaren garaia da". Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak jakinarazi du gobernua hasi dela helegiteak jartzeko pausoak ematen.

Artur Mas, dekretua sinatzen. EFE
Maite Alustiza.
2014ko irailaren 27a
08:16
Entzun

Artur Mas Generalitateko presidenteak sinatu du katalanak herri kontsultara deitzeko dekretua, 10:30 pasatxoan. Aurretik, 129/2014 dekretuaren artikulu nagusiak irakurri ditu Jordi Baiget Generalitateko idazkariak. Ekitaldia hasterako, kontsulta legea argitaratua zegoen Kataluniako Aldizkari Ofizialean.

"Betiko" gogoratuko duten eguna da gaurkoa. "Kataluniak bozkatu egin nahi du". Hala mintzatu da Mas galdeketarako deitzeko dekretua sinatu ondoren. Berretsi du deialdia legezkoa dela, Parlamentuak onartutako lege batean duelako babesa. Espainiako Gobernuarekin "azken unera arte" hitz egiteko prest agertu da.

"Kataluniak modu baketsuan erabaki nahi du bere etorkizuna, demokrazian demokrazia gehiagorekin gauzatu behar ditugu gauzak". 2012ko hauteskundeak izan ditu gogoan; Masen arabera, orduan "gehiengo argi bat" agertu zen erabakitzeko eskubidearen alde. Katalanez, gazteleraz eta ingelesez egin ditu adierazpenak.

Sinadura ekitaldian izan dira azaroaren 9an herri galdeketa egitearen alde agertu diren indar politikoetako buruzagiak; egon direnen artean daude CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdietako ordezkariak, Nuria de Gispert Kataluniako Parlamentuko presidentea, eta baita beste hainbat arduradun politiko ere.

Kanpoan, ikusmina eragin du ekitaldiak; jendetza bildu da Sant Jaume plazan. Ekitaldia amaitu denean, txaloz hartu dute Mas. Independentziaren aldeko oihuak ere entzun dira. "Kalean dagoen jendeari entzun egin behar zaio", esan die Masek han bilduta zeuden kazetariei.

Masek iragarria zuen dekretua asteon sinatuko zuela, baina epeei buruz zantzurik eman gabe; beranduenez larunbatean izango zela, besterik ez. "Buruargi eta abil" jokatu nahi zuen, Espainiako Gobernuari gauzak ez errazteko.

Espainiako Gobernua, martxan

Gobernuak jada jarri du makineria martxan. Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak berretsi du galdeketa "konstituzioaren aurkakoa" dela, eta azaldu du Estatu Kontseiluari txostenak eskatu dizkiotela Auzitegi Konstituzionalean helegiteak jarri aurretik.

"Gobernuari dagokio legea betearaztea, eta jarriko ditugun helegiteek legea eta herritarren eskubideak babesten dituzte". Bi helegite jarriko dituzte; bata legeari, eta bestea dekretuari.

Saenz de Santamariarentzat, galdeketak "banandu" egiten ditu katalanak, eta Europatik "aldentzen" ditu. "Elkarrekin, espainiar eta katalan guztiek finkatu dugu demokrazia, ongizate estatu bat eraiki dugu", gogoratu du. Espero da Mariano Rajoy presidenteak Ministroen Kontseilura astelehenerako deitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.