Torturaren Aurkako Komiteko kideek 148 galdera egin dizkiote Espainiako Estatuari. Hona hemen horien laburpen bat.
Zigor Kodea. Komiteak Espainiari galdetuko dio bere Zigor Kodea Torturaren Aurkako Nazioarteko Hitzarmena egokitu duen, komiteak berak aurretik eginiko gomendioei jarraikiz. Bereziki, genero indarkeria terrorismo delituen barruan sartu duen eta tortura eta tratu txar kasu guztiak tortura larri gisa —zigorrik handienarekin— tipifikatu dituen. Kodearen erreformaz ere galdetuko dio: ea asmorik duen terrorismo delituaren aplikazioa mugatzeko zalantzarik gabe izaera terrorista duten arau-hausteetara, eta adituen batzorde independente bat osatu duen terrorismoaren aurkako borrokan oinarrizko eskubideak bermatzen direla zaintzeko, NBEren Giza Eskubideen kontalariak eskatu zuen moduan. Lege aldaketekin loturik ere, komiteak kezka azaldu du poliziei ez ote zaien errazten gehiegikeriaz jokatzea, eta tortura gisa uler daitezkeen zenbait jokamolde errazten. Hori saihesteko zein neurri hartu dituen galdetuko dio.
Inkomunikazioa. Inkomunikazio erregimena amaitzeko zein neurri hartu duen argitzeko eskatuko dio. Bereziki, atxiloketa guneetan —eta leku guztietan— bideokamerak jartzeko obligazioa bete duten estatuko Polizia guztiek. Komiteak azpimarratu du NBEk, tokiko bertako kontalariek eta nazioarteko auzitegiek Espainiari behin eta berriz eskatu diotela inkomunikazioa amaitzeko. Horrekin lotuta, halaber, komiteak azpimarratu du auzibideetan soilik hartu behar direla kontuan atxilotuak epailearen aurrean eta konfiantzazko abokatuarekin eginiko deklarazioak. Hori hala izan dadin zein berme hartu diren galdetuko dio, eta zenbatetan bete den, zein kasutan bai, eta zeinetan ez, eta zergatia azaltzeko; Habeas corpus eskaera eta aplikazioari buruzko datu zehatzak galdegin dizkio, halaber.
Ikerketak. Torturaren Aurkako Nazioarteko Hitzarmena ezartzeko eskatu den kasuan, nola, zenbatetan eta zein auzitegietan onartu den argitzeko eskatuko dio Komiteak Espainiari. Horrekin batera, torturarekin loturiko salaketa eta auzibideei buruzko informazio eta estatistika zehatzak galdegin dizkio: besteak beste, ea behar bezala ikertzen dituen salaketa guztiak, eta epaile eta auzitegien jarrera zein den, atxilotua inkomunikatuta dagoen bitartean zein salaketa egiten duenean eta ondoren. Horrekin batera, galdetuko dio ea torturen dokumentazio eta ikerketa prozesuetan parte hartzen dutenek —epaileak barne— behar bezalako formazioa duten torturari buruz; bereziki, Istanbulgo protokoloa deiturikoa ezagutzen eta aplikatzen duten. Auzi medikuez gain, atxilotua beste mediku batek aztertua izateko eskubidea ere baduela gogoratzen du Komiteak. Poliziarekin loturik, barne ikerketa prozesu independenteak egiteko mekanismoak martxan jarri dituen galdetuko diote Espainiari, eta tortura salaketak egiten dituztenen aurkako polizien errepresaliak saihesteko neurririk hartzen duen.
Justizia unibertsala eta estradizioak. Tortura delituen preskripzioari buruz ere mintzatuko dira; ea nazioarteko jurisprudentziari jarraiki, horien preskribaezintasuna bermatzen duen, adibidez. 1977ko Amnistia Legea aztertuko dute, hortaz, zeharka bada ere; baita justizia unibertsalarekin loturiko kasuetan ere. Zenbait elkartek ohartarazi dutenez, Torturaren Aurkako Nazioarteko Hitzarmenaren aplikazioa mugatu egin du Espainiako Gobernuak, duela gutxi Botere Judizialaren Lege Organikoan eginiko erreformaren bidez. Horrekin guztiarekin lotuta, estradizio eskaerei buruz galdetuko dio, bereziki: zer egiten duen beste estatu batek eskatzen dionean bere herritar bat estraditatzeko tortura auziengatik ikertzeko, frankismo garaiko zenbait torturatzailerekin gertatu den moduan. Era berean, argitzeko Espainian atxilotuta edo preso dagoen kanpoko herritar bat beste herrialde batera estraditatzerako orduan, eta torturatua izan daitekeen arriskua edo susmoa dagoenean, zein jarrera duen, edota berehalako itzultze kasuetan —Melilla eta Ceutako atxiloketa gunei buruz galdetuko dio.—.
GALDERAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu