2011ko foru eta udal hauteskundeetarako EAJrekin akordioa egiteko itxaropenez agertu da gaur Iñaki Galdos Hamaikabat-eko presidentea; areago, sinetsita dago epe labur samarrean itxi ahal izango dutela akordioa: "EAJrekin laster haueskunde akordioa izango dugula uste dut", esan du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.
"Alderdi berria gara, eta EAJri gailentasun argia aitortzen diogu. Apalak gara, ez gara formulekin obsesionatuko. Haiek eta gu ordezkatuko gaituen akordioa dugu helburu", adierazi du Galdosek, hitzarmenerako prestutasuna adieraziz. Izan ere, beren hautesleek hitzarmen horixe nahi dutela iritzi dio, eta alderdi gisa "abertzaletasun historikoaren elkarlanean" sinesten dutela nabarmendu du.
Dena den, jeltzaleekin akordiorik iristen ez badute ere hauteskundeetan parte hartuko dutela ziurtatu duHamaikabat-eko presidenteak. "Alderdi serioa gara, eta B plan bat behar dugu. Baina nahiago nuke premia hori ez sortzea. Baina akordiorik ez egon arren, bozetan izango gara".
EAren banaketaz ere mintzatu da Galdos, eta iragarri du asko direla alderdi horretatik alde egiten ari diren militante esanguratsuak. "Egon naiz gipuzkoarra ez den militante esanguratsu batekin eta alderdia uzten ari den jende garrantzitsuaren zerrenda eman zidan, ni neu ere harrituta utzi ninduena. Ez dut nahi polemikarik, denborak jarriko ditu gauzak bere lekuan, baina gu ez gabiltza harrokeriatan", esan du. Galdosek zehaztu du EAk utzitako batzuk Hamaikabat-en sartu direla, baina beste hainbatek politika utzi dutela.
Politika
Galdos: "EAJrekin laster hauteskunde akordioa izango dugula uste dut"
Hamaikabat-en hautesleak hitzarmen horren zain direla agertu du alderdi horretako lehendakariak. Dena den, akordiorik lortu ezean ere 2011ko foru eta udal bozetan parte hartuko dutela ziurtatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu