Iñaki Galdos Gipuzkoako Foru Aldundirako EAren ahaldun nagusigaiak uste du Eusko Jaurlaritzako hirukoa (EAJ, EA, EB) "nahikoa ez" dela "normalizazio politikoan aurrera egiteko" eta PSE-EErekin ere saiatuko da akordioetara iristen. "Hirukoak izaten du bizkarrezurra izaten baina, agian, indartu egin beharko da. PSE-EErekin ere egin behar da aurrera, Nafarroan barne".
Galdosek dio Gipuzkoako EA libre dela herrialdean egin behar diren hitzarmenak egiteko, Zuzendaritza Nazionalak zer egin behar duen agindu gabe. "Ezkontza batean andregaiari amak laguntzen dio soinekoa aukeratzen, baina ezinbestekoa da soinekoa andregaiari berari gustatzea".
Begoña Errazti EAko lehendakaria, baina, ez da ados azaldu Galdosen iritziarekin. "Abertzaleen" arteko hitzarmenen alde azaldu da, eta PSE-EEren eta EAren arteko gobernua "zergatik" osatuko litzatekeen galdetu du. Jaurlaritzako hirukoan dauden alderdien akordioak egitea litzateke "aukerarik errealena", Erraztiren ustez, "ardatz batzuen gainean egindako herri planteamendua dagoelako. EArentzat bakea eta normalizazio politikoa ezinbesteko baldintzak dira, eta, beraz, uste dut [PSE-EErena baino] bide errazagoak badaudela, bide abertzaleak".
Galdosek Gipuzkoan "Gobernu indartsua" behar dela esan du gaur Donostian, prentsaurrekoan, eta hortik kanpo geratu dela EB-Aralar koalizioa, "berak baztertu duelako bere burua kanpainan agertutako jarreragatik, errauskailua bultzatuko duen Gobernuan ez dela sartuko esan zuelako". EAJk, PSE-EEk eta EAk errauskailuaren alde egiten dutela adierazi du Galdosek.
Hark dioenez, "Gobernu indartsuak ez du esan nahi gehiengo osokoa", eta aitortu du PSE-EErekin hizketan hasi dela. EAJrekin ez du oraindik hitz egin.
Foru Aldundirako EA "erabakigarria" izango da Galdosen ustez. Udal hauteskundeetan, ordea, EAk "ez ditu emaitza onak lortu".
Igandeko hauteskundeetan EAJk eta EAk osatutako "abertzaletasun instituzionala eta historikoa ahuldu" egin dela pentsatzen du, "eta premiazko gogoeta abiatu behar da diskurtsoa gaurkotzeko, belaunaldi berriak ez dituelako harrapatzen".
M-27. Hauteskundeen ondorena. Gipuzkoa
Galdosek dio PSE-EErekin ere saiatuko dela baina Errazti ez dago ados
EAko Gipuzkoako ahaldun nagusigaiaren ustez, "normalizazio politikoan aurrera egiteko" sozialistekin ere kontatu egin behar da. Galdosek dio EB-Aralar Aldundiko akordiotik kanpo geratu dela, "berak baztertu duelako bere burua kanpainan agertutako jarreragatik". Errazti EAko lehendakariak nahiago du Jaurlaritzako hirukoan dauden alderdien artean egitea hitzarmenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu