POlitika

GALek hildako euskal herritar bat omentzea debekatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Duela 25 urte hil zuten Eugenio Gutierrez eta igande honetan ziren omentzekoak, Leioan.

2009ko otsailaren 20a
15:04
Entzun
Etzidamu izango dira 25 urte GALek Eugenio Gutierrez Salazar Tigre iheslaria hil zuela, eta honen omenez igandean bertan Leioan (Bizkaia) egitekoak ziren ekitaldia debekatu egin du gaur Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegiak. Eloy Velasco epaileak jarri du debekua, omenaldia

Askatasuna legez kanpoko erakundeak antolatu duelakoan. Velascok, hala, aintzat hartu du Dignidad y Justicia elkarteak egindako eskaera.

Epaileak Ertzaintza, Guardia Zibil eta Espainiako Poliziari bere autoa betearazteko behar diren neurriak hartzeko agindu die. Gainera, debekua gainditzeko gerta litezkeen delituei aurre hartzeko eta edozein gertaeraren berri emateko agindua eman die. Velascoren aburuz, Gutierrez omentzekon, “biktimak makurrarazi eta terrorismoaren gorazarre” egingo litzateke, Espainiako Kode Penalaren 578 artikuluaren arabera.

Ekitaldia 13:00etan zen hastekoa, Leioako hilerrian lore eskaintza eginez. Ordu erdi beranduago, Tigre plazan dagoen oroitarrian loreak jarri eta ekitaldi politikoa bertan egitekoa ziren.

Gutierrez 1984ko otsailaren 25ean hil zuen tiroz GALek, iheslari talde batekin Zuberoan Idauze-Mendiko baserri batean zegoela. Euskara ikasketen atsedenaldian baserriaren atarira irten zuenean buruan tiro bat jaso zuen eta bertan gelditu zen hilik. Hilketa GALek aldarrikatu zuen, baina orain arte inor ez da akusatua izan. 29 urte zituen Leioakoak.



Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu egin du Velascoren neurria, eta GALen erantzule PSOE izan dela dio. "Haren bidez estatu terrorismoa burutu zuen PSOEren gobernuak; guztira 23 pertsona hil eta 60 baino gehiago zauritu zituzten".

EAJ ere kritikatu du. "Ezin dugu ahaztu EAJk garai hartan GALen jardueraren aurrean izandako jarrera hipokrita zein izan zen, inolako arazorik gabe PSOErekin esku esku elkarlanean aritu baitzen GAL euskal herritarrak hiltzen ari zen momentuetan".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.