GALen azken biktimaren auzia berriz zabaltzea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Juan Carlos Garcia Goenaren alargun Laura Martinek eskatuta, bi lekukori deklarazioa hartzea erabaki du Jose de la Mata epaileak: Serge Mingueti eta Michel Lekuonari. Horretarako, Frantziari egin beharko dio aurrena eskaera.
Joan den martxoan itxi zuen Garcia Goenaren auzia azkenengoz Pablo Ruz epaileak, "pertsona jakinen aurkako delitu zantzurik" ez zegoela argudiatuta. Aurrez, 2012ko uztailean berrabiarazi zuen ikerketa Ruzek, El Mundo egunkarian argitaratutako informazio baten harira. Argazkilari bat inputatu zuen orduan, baina hark ukatu egin zuen zerikusirik zuenik.
Bi kazetariri ere hartu zien deklarazioa, lekuko gisa. Baita Jose Amedo polizia ohiari ere. Hark, besteak beste, hala esan zuen 2013an argitaratutako Cal viva liburuan: "Rafael Verak bazekien zeinek eta nola hil zuen Garcia Goena". Hala ere, epaileek ez dituzte aintzat hartu orain arte halakoak.
1991n, Auzitegi Nazionalak absobitu egin zituen Amedo eta Michel Dominguez polizia ohiak.
GALen azken biktima ofiziala izan zen Juan Carlos Garcia Goena (1959, Tolosa, Gipuzkoa), 1987ko uztailaren 24an hila.