Abortua

Gallardonek adierazi du abortuaren erreforma irailera arte atzeratu daitekeela

Abortuaren Legearen erreforma uzteko eskatu du Jaurlaritzak, Andaluziako, Asturiasko, Kanarietako eta Kataluniako gobernuekin batera.

Gallardon gaur goizean, Madrilen. ZIPI, EFE
2014ko uztailaren 21a
13:07
Entzun

Erreformaren testua prest dago, orain bi aste Justizia Ministerioko iturriek BERRIAri baieztatu ziotenez. Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak gaur esan du falta zituzten txostenak mahai gainean dituztela eta Ministro Kontseilura eramateko moduan dela. Hala ere, zehaztu du "udan" onartuko dutela, eta segidan gaineratu du irailera ere uda dela.

Gallardonek ez du baztertu aldaketak egongo direnik, baina adierazi du ezin direla aurreikusi. 

Bost erkidego, kontra

Berdintasun Sektoreko Konferentzia egitekoak dira gaur, Madrilen. Espainiako Gobernuko eta autonomia erkidegoetako berdintasun arloko arduradunak elkartuko dira. Emakundek jakinarazi du bilera hori baliatuko dutela Espainiako Gobernuari eskatzeko abortuaren legearen erreforma bertan behera uzteko.

Andaluziako, Asturiasko, Kanarietako, Kataluniako eta Jaurlaritzako Berdintasun arduradunek Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioari galdegina zioten gai hori eguneko gai ordenan sartzea. Baina ministerioak uko egin zion. Gaia bilerara eramango dute, hala ere, erreformaren aurka daudela esateko.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak berretsiko du legea aldatzea "atzerapauso onartezina" izango dela emakumeen eskubideentzat eta askatasunarentzat. "Egungo legea bat dator Europako lege aurreratuenekin, eta ez du inor abortatzera behartzen", zehaztu du Landaidak. Legea erreformatu edo ez emakumeek abortatzen jarraituko dutela ohartarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.