Zurrumurruak baieztatu dira: Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Justizia ministroak dimisioa eman du. "Gaurko erabakia ez da soilik [Espainiako] Justizia Ministerioa uztekoa; 30 urteren ondoren, politika utziko dut", iragarri du. Beraz, Espainiako Kongresuko eserlekuari uko egingo dio, eta PPn dituen ardura postuak ere utzi egingo ditu —alderdikide izaten jarraituko du, ordea—.
Abortuaren erreformaren inguruan, Gallardonek onartu du ez duela "ahalmena" eduki aurreproiektua lege bihurtzeko, eta aurre egin behar izan dion gai eztabaidatsuena erreformarena izan dela esan du —36 lege egitasmo tramitatu ditu, adierazi duenez—.
Gogoratu du erreformak eragindako eztabaidaren ondotik erabaki duela Rajoyk hura atzera botatzea; berak, ordea, alderdiari jarraitu diola berretsi du. "Ni ez naiz pertsona egokiena abortuaren erregulazio berria aurrera eramateko", onartu du.
Azkenik, eskerrak eman dizkie berarengan "konfiantza" izan dutenei, baita ministroei eta presidenteari ere. Hedabideen aurrean jakinarazi aurretik, Mariano Rajoy gobernuburuari dimisioa emateko asmoa adierazia zion Gallardonek —joan den astean esan zion Rajoyk ez zuela legeak aurrera jarraituko—.