Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Gobernuko Justizia ministroak azaldu du euskal presoei ez dietela amnistiarik eta indultu orokorrik emango, "Konstituzioak ez dituelako neurriok ahalbidetzen", eta zehaztu du espetxe politika betiere legedian eta banakako neurrietan oinarrituko dutela. Baina bi baldintza jarri ditu: "Presoek biktimei barkamena eskatu beharko diete eta haiekiko ordaintze edo erreparazio borondatea agertu beharko dute".
Justizia ministroak, gainera, ez du uste nahikoa izan denik ETAk borroka armatua utzi izana, eta hari desagertzeko eta armak entregatzeko exijitu dio. Hori ez dagoen artean, "botere publikoak eta gizarteak zaintzan" jarraituko dute, Gallardonen arabera.
Gasteizen egin ditu adierazpenok, gobernuaren EAEko ordezkari berri Carlos Urkixoren kargu-hartzean. Han izan dira Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia edota Javier Maroto Gasteizko alkatea ere.
Egin Dezagun Bideak presoak Euskal Herriratzeko, eta zigorraren hiru laurdenak edo bi herenak beteta dituztenak, gaixotasun larriak dituztenak eta Parot doktrina ezarri dietenak askatzeko eskatzen du.