Ohi baino jende gehiago bildu da gaur goizean Bilbon Abortuaren despenalizazioaren aldeko nazioarteko eguna ospatzera. “Normala da oraingoan jende gehiago biltzea, Espainiako Gobernuaren, eta Alberto Ruiz Gallardonen erreforma atzerapena delako. Emakumeok gure gorputzaz erabakitzeko eskubidea bertan behera uzten du”. Tere Maldonado Abortatzeko Eskubidea plataformako kideak argi esan du Espainiako Justizia Ministroaren proposamenak helburu jakin bat duela: abortua kriminalizatzea. “Orain arteko legedia gure gustukoa izan ez arren, haurdunaldiaren lehen asteetan aborta daiteke, baina erreforma onartzen bada, egun batetik bestera kriminal gisa hartuko dute abortatzeko erabakia hartu duen emakumea”.
Hori horrela izaki, Gallardonek 1985 urtera baino atzerago joatea proposatzen duela nabarmendu du Maldonadok. Izan ere, 2010eko legearen epeen sistema indargabetu, eta baldintzen legea berrezartzea da erreformaren asmoa. 1985eko arauak zekartzan hiru kausetako bi berreskuratu nahi ditu; emakumeek abortatu ahal izango dute bortxaketaren biktima izan baldin badira, edo beren osasun fisiko edo psikologikoa arriskuan badago. Fetuaren malformazioei dagokien hirugarren kausa kanpoan uztearekin tematu da ministroa. “Egungo gizarteak ez du halakorik eskatzen, jendeak normaltasunez abortatzen baitu”.
Bilbon ehunka pertsona bildu dira plaza biribilean; arratsaldean Gasteizen Andre Mari Zuriaren enparantzan giza katea egingo dute 19:30ean, eta Tafallan elkarretaratzea, 18:00etan.