Arrasateko alkatearen espetxeratzea

Galparsororen espetxeratzea ez dela "Garzonkeria" salatu du ezker abertzaleak, "PSOEk finkatutako estrategia baizik"

Larunbatean manifestazioa egingo dute Arrasaten (Gipuzkoa), EAE-ANVko alkatearen espetxeratzea salatzeko. PSOEri ez ezik, EAJri ere egotzi diote kartzelatze horren ardura, ezinbesteko laguntzailea dela iritzita.

2008ko maiatzaren 1a
19:15
Entzun
Herritar ugariren babesarekin agerraldia egin dute ezker abertzaleko kideek Arrasateko udaletxe atarian, Ino Galparsoro alkatearen atxilotze eta espetxeratzea salatzeko. Tasio Erkizia ezker abertzaleko buruzagi historikoa eta Xabier Errazkin Azpeitiko (Gipuzkoa) EAE-ANVko alkatea mintzatu dira guztien izenean.

PSOEri eta EAJri egotzi diote Arrasateko alkatea espetxeratzearen ardura. Hain zuzen ere, erabaki hori ez dela "beste 'Garzonkeria' bat" iritzi diote, baizik eta PSOEk "euskal independentismoa suntsitzeko ondo finkatutako estrategia".Gertakaria testuinguru horretan kokatuta, EAJri PSOEren laguntzaile izatea egotzi diote; hots, jeltzaleen laguntzarik ezean PSOEk estrategia hori aurrera eramaterik ez lukeela izango nabarmendu dute.

Atzo arratsean Arrasaten gertatutakoa horren adibide dela nabarmendu dute, Espainiako Poliziak udaletxea miatzeko Ertzaintzaren laguntza izan zuela iritzi baitiote, manifestariei ertzainek egin baitzieten aurre.

Hori guztia dela eta, manifestazioa antolatu dute larunbaterako, Arrasaten, arratsaldeko 17:30ean, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.

EAJren kidetzat jo dituzten EA, EB eta Aralarri ere egin diete eskaria: PSOE eta EAJ bideratzen ari diren estrategia horrekin bat datozen argitzeko eta jarrera garbia hartzeko galdegin diete.

EAJko oinarrizko militanteei ere mintzatu zaizkie ezker abertzaleko ordezkariak; zehazki, "abertzale jatorrei" zuzendaritzaren aurka matxinatzeko eskatu diete.

Arestian esan bezala, jende ugariren babesarekin egin dute agerraldia. EAE-ANVko hautetsi ugarik parte hartu dute, ezker abertzaleko kide askorekin batera. Halaber, herritar ugari hurbildu da Arrasateko plazara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.