Nafarroako Gobernuko Habitat Zerbitzuko buru Javier Forcada da erakunde horrek bisoi europarrari buruz abian jarritako ikerketaren arduradun nagusia. Haren emaitzei buruz mintzatu zaigu.
Ikerketa abiatu aurretik bazenuten Nafarroan bizi diren bisoi europarren egoeraren inguruko berririk?
Bai, egin izan dira ikerketak, baina ez hau bezain sakonak. Bagenekien Nafarroan bisoi europarraren populazio garrantzitsua bagenuela, eta ikerketa gure aurreikuspenak baieztatzen ari da. Guk sei ibai hautatu ditugu, eta sei ibai horietako zati zehatzak.
Funes, Azkoien eta Faltzes arteko zatian talde oso garrantzitsua aurkitu duzue.
Bai. Bakarrik zati horretan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan baino bisoi europar gehiago dago. Altxor bat aurkitu dugu, eta zaindu beharra daukagu.
Zergatik da hain garrantzitsua horko talde hori?
Hogei kilometroko ibai zatian hemezortzi bisoi europar aurkitu ditugu Argan. Bisoiak, hala ere, Argan baino, ibai horren eta Arlas ibaiaren artean dauden ubideetan bizi dira, han dagoen ubide sarean. Adin eta sexu oreka oso ona da, eta horrek etorkizunerako itxaropena ematen digu.
Bisoi europarraren egoera, hala ere, larria da.
Orain arte espezie ahultzat jotzen zuten hemengo eta Europako araudiek. Espainiako Ingurumen Ministerioarekin egindako azken bileran, ordea, galtzeko arriskuan dagoen espezietzat jotzea erabaki zen. Hori onartuta dago, jada.
Bisoi europarra zaintzeko neurri bereziak jartzea ekarriko du horrek?
Bai. Hasteko, Funes, Azkoien eta Faltzes arteko espazio hori babes bereziko eremutzat jotzeko asmoa dugu. Halaber, San Adrianen dagoen bisoi amerikarren etxaldean babes neurri bereziak jarriko ditugu, handik animalia bakar batek ere ihes egin ez dezan. Dekretu baten bidez, gainera, etxalde gehiago zabaltzeko aukera bertan behera utziko dugu. Bisoi amerikarra arerio handia da europarrarentzat, eta ez dugu inolako arriskurik nahi.
Faltzes inguruan egin nahi den lursailen kontzentrazioak bisoi europarrari egin diezaiokeen kalteaz ohartu du Gurelurrek. Zer deritzozu?
Nafarroako Gobernuko Nekazaritza Sailaren esku dago gai hori. Prozesua zabalik dago hori egin ahal izateko. Nafarroako Ingurumen Sailari dagokio aldeko edo kontrako iritzia ematea. Oraingoz, nik zuzentzen dudan Habitat Zerbitzuak kontrako iritzia eman du, guk bisoia defendatu behar baitugu. Legeak behartzen gaitu. Horrek ez du erran nahi nekazarien kontra gaudenik. Baina bestelako konponbideak bila daitezke.
«Galtzeko zorian dagoen espezietzat jo berri da bisoia»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu