Ganbera desegin ala indartu?

Parlamentua indartzeko eurodiputatu bako ganbera proposatu du Piketty ekonomistak, estatuetako diputatuek osatutako parlamentu bat sortzea.

Jon Fernandez.
2014ko maiatzaren 16a
18:32
Entzun

Defendatzaile bezain aurkari sutsuak ditu Europako Legebiltzarrak. Badira EBren erabakiguneen defizit demokratikoak konpontzeko parlamentuari eskumen gehiago ematea defendatzen dutenak —Kontseilua 28 presidenteek osatzen dute, eta aurten, lehen aldiz, legebiltzar berriak hautatuko du batzordeko presidentea—; beste batzuek, berriz, egungo Europarlamentua desegitea eskatu dute.

Azkenaldian, Le Capital au XXIe siècle (Kapitala XXI. mendean) liburua argitaratu ostean mundu osoan ezagun egin den  Thomas Piketty ekonomista frantsesa da horietako bat. Frantziako eta Alemaniako ekonomista batzuekin batera, manifestu bat sinatu berri du. Euren ustez, EB "krisi existentzial betean" dago, eta "neurri fiskal, finantzario eta politikoak modu demokratikoan eta subiranoan hartzeko", parlamentu sistema aldatu beharra du. Bi proposamen dituzte: Euroguneko parlamentu bat sortzea —egungo Europarlamentuan eurogunekoak diren estatuetako eurodiputatuek osatuko lukete— edo europarlamentaririk gabeko Europako Parlamentu bat sortzea, estatu bakoitzeko legebiltzarretako diputatuek osatua —diputatu kopuruak biztanleriarekiko proportzionalki hautatuta—.  

Bigarrenaren aldekoa da Piketty, eta batasun politikorako beharrezko aldaketa dela uste du. "Ezinezkoa da parlamentu nazionalei zergen inguruko eskumen guztiz kentzea. Parlamentu nazionalen subiranotasunaren gainean eraiki behar litzateke partekatutako Europako Parlamentuaren subiranotasuna".  

Kostu handiak

Egungo Europarlamentuaren sistema aldatzea eskatzen zutenen beste argudio bat ekonomikoa da. Lege eskumenik ez izateaz gain garesti ateratzen dela alegia. 751 legebiltzarkide dira, eta bakoitzak 8.229 euroko soldata du hilean, saioko 304 euroko gehigarria aparte. Gainera, egoitza Bruselan eta Estrasburgon izanda, urtean 200 milioi euro gastatzen ditu EBk joan-etorrietan.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.