Datorren uztailaren 5a 'Gara' egunkaria kalera irtengo den azken eguna izan liteke. Egun horretarako, Gizarte Segurantzaren Altxortegi Orokorrak, Baltasar Garzon epaileak ateratako ondorioetan oinarrituta, 'Egin' egunkaria kaleratzen zuen Orain enpresak erakunde harekin egindako 5,1 milioi euroko zorra eskatu dio. "Helburu garbi batekin egin dute hori: erosoa ez den hedabide bat ekonomikoki itotzea, kioskoetara irits ez dadin", diote langileek gaurko 'Gara'-n argitaratu duten agirian.
Euskal komunikabide horren aurkako eraso hori aurrera eramateko aipatu den arrazoia "ustezko enpresen arteko ondorengotza da, horretarako inongo oinarri juridikorik ez dagoen arren, ez baita titulartasun edo ondare transmisiorik izan". Erabaki hori hartzeko ezinbesteko baldintzak dira horiek, "hainbat epai judizialek eta Lan-Ministerioaren beraren txostenak dioen moduan".
Langileek kaleratu duten agiriak dioenez, "jazarpen itxura hartzen hasi den bidegabekeria berri hau salatu nahi dugu, diktaduraren eta faxisten erregimenetakoa baitirudi". Zuzenbide estatu baten oinarrizko eskubide diren adierazpen eta prentsa askatasun eskubidearen aurkako erabaki bat dela diote langileek. "Lanpostu asko jarriko ditu kolokan erabaki horrek, eta gu ez gaude eserita geratzeko prest", dio oharrak.
Hori dela eta, uztailaren 4an elkarretaratzea egingo dute, eta komunikabide guztiak gonbidatzen dituzte bertan parte hartzera.
Hedabideak
'Gara' egunkariko langileek euren lanpostuen alde lanean jarraituko dutela adierazi dute
'Egin' egunkaria kaleratzen zuen Orain enpresan Gizarte Segurantzarekin duen 5,1 milioi euroko zorra ordainarazi nahi die Gizarte Segurantzaren Altxortegi Orokorrak 'Gara' egunkaria argitaratzen duten Baigorri eta KIE enpresei. Baltasor Garzon epaileak ateratako ondorioetan oinarrituta, uztailaren 5a jarri diete zor hori ordaintzeko epe bezala. "Azken ordura arte gure lanpostuak defendatzen jarraituko dugu", adierazi dute 'Gara' egunkariko langileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu