OSASUNA

Garai bakoitzak berea

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2004ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
INEMinaren Ikerketarako Nazioarteko Elkartearen arabera, «zentzumenen eta emozioen esperientzia ezatsegina» da mina. Aditu gehienek bat egiten duten puntu bat ageri da definizio horretan: mina sentitzerakoan faktore biologikoek, psikologikoek eta sozialek parte hartzen dute. Definizioak, baina, garaiekin batera aldatu izan dira. Duela 5.000 urte inguruko idazkietan jasota dago mina arintzeko, opio mitxoleta erabiltzeko ohitura. Egiptoko eta Babiloniako inperioen garaian, mina jainkoen zigorra edo gainditu beharreko proba bat zen; eta gorputzeko organuren batean zegoen, bainaez garunean. Garai beretsuan, mina sentsazio moduan ulertzen zuten Indian, sentimenduei oso lotuta.

Galenoren ekarpena

Antzinako Greziako Alkmeon mediku pitagorikoa izan zen lehena garunak minarekin duen lotura nabarmentzen. K.a. IV. mendean izan zen hori. Galenok sakonago aztertu zuen garunaren eragina, eta bere idazkiak debekatuta egon ziren mendeetan, arimaren hilezkortasunaren aurka jotzen zutelako. Minaren aurka hainbat langai zituen: astaperrexila, legamia, ipurua, garagardoa, mandragora, haxixa, sahatsa... Eta kirurgia.

Galenoz geroztik, minaren inguruko ikerketek ez zuten jarraipenik izan mendetan. XVIII. eta XIX. mendeak arte ez zitzaion ikerketa klasikoari heldu. Nerbio sistema nagusia aztertu zen batez ere, eta anestesiologia arloa asko aurreratu zen. 1799an, gas barregarria (protoxido nitrosoa) aurkitu zuten. 1804an morfinaren indar anestesikoa aurkitu zuten. 1846an, Ameriketako Estatu Batuetan, Mortonek eterra erabili zuen anestesia moduan, kirurgia operazio batean. Eta 1860an, Niemmanek kokaina erabili zuen.XX. mendeko lehen laurdenean, anestesiaren erabilera asko zabaldu zen eta mina kentzeko operazioak ugaldu ziren. Joan den mendearen bigarren erdian egin ziren, baina, mina kudeatzeko urrats nabarmenenak. Analgesia arloan ikaragarri aurreratu zuten, II. Mundu Gerraren ondorioz batez ere; eta minaren sorrerari eta mekanismoei buruzko lehendabiziko ikerketa sistematikoak egin ziren. 1953an, John Bonicak mina tratatzeko tekniken inguruko lehendabiziko testua argitaratu zuen, eta minbiziak eragindako minaren inguruan interes handia piztu zuen. 1974an, Minaren Ikerketarako Nazioarteko Elkartea sortu zen. Min kronikoaz arduratzen dira batik bat erakunde horretan, gaur egun: «Min kronikoa gaitz bat bezala hartu beharko litzateke. Ez da behar beste egin denboran luzatzen den mina neurtu, arindu eta zuzentzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.