Iazko urtea itxaropentsu hasi zuen arren, 2012ak utzi duenaren balantze ezkorra egin du Etxerat elkarteak. Presoen egoera malgutu ez eta okertu ere egin dela ohartarazi du, eta hori ulertezina zaio, Euskal Herriko egungo garai politikoa berria dela kontuan hartuta.
606 euskal preso politiko daude egun, 84 espetxetan sakabanatuta; horietako gehienak, etxetik 800-900 kilometrora. Zazpi euskal preso besterik ez dago Euskal Herriko hiru espetxeetan. Sakabanaketa horrek hamahiru istripu eragin zituen iaz; 40 pertsonak jasan zituzten kalteak.
Gainera, senideek bestelako eraso gogorrak jasan dituztela salatu dute. Harkaitz Rodriguez presoaren arrebak pairatu du horien artean larriena: bisita batetik bueltan istripua eragiten saiatu ziren polizia batzuk, eta sexu erasoa eta mehatxuak egin zizkioten ondoren.
Zigorra betea duten 68 presok espetxean jarraitzen dute 197/2006 doktrina ezarrita, eta oso gaixo dauden hamahiru ere kartzelan dituzte. Bestetik, lau euskal herritar hil ziren iaz erbestean.
Larunbateko martxari dagokionez, presoen senide eta lagunei protestan Etxerat-en zapiarekin parte hartzeko proposatu die: "Espetxe politika hau pairatzen dugun jende andana irudikatzeko".
Martin Garitano, Herrira-koekin
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Herrira-ko ordezkariak hartu ditu gaur goizean Donostian, diputazioaren egoitzan, eta iragarri du bera larunbatean Bilboko manifestazioan izango dela.