2010a urte gogorra izan da euskal presoentzat eta haien senide zein lagunentzat. Hala ziurtatu du Etxerat elkarteak: «Indarrean dagoen espetxe politika ankerrak gogor kolpatu gaitu». Sakabanaketak 14 istripu eragin dituela ohartarazi du. Dozenaka direla «bizi osorako espetxe zigorra» ezarri zaien presoak. Bost preso giltzapean dituztela «hiltzen dituzten gaixotasun larri eta sendaezinak» izan arren. Bakartze egoerak ugaritu eta gogortu egin direla. Presoak ikustera zihoazen senide eta lagunen autobusei eta furgonetei eraso dietela. Miaketa direla eta, ehunka aurrez aurreko bisita galdu dituztela. Iheslarien aurkako jazarpena ere etengabea izan dela ohartarazi du, eta, aurten, hiru iheslari hil direla. Egoera hori amaitzen laguntzeko eskatu du Etxerat-ek. Datorren urtean garai berria sor dadin, urte amaierako egunotan presoen eskubideen alde mobilizatu daitezela.
Abenduaren 31n, urteko azken ostiralean, egingo diren ekimenetan parte hartzeko eskatu du bereziki, eta urtarrilaren 8an Bilbon egingo den nazio manifestazioan parte hartzeko.
Izan ere, senideen esanetan, presoen egoera konpondu ezean, ez da gatazka gaindituko. Beraz, «presoei ezartzen zaien muturreko neurrien politika bukatzea herri honen premia» dela esan du.
«Konpromisoa» eskatu die herritarrei Espainiako Gobernuak Iruñean duen ordezkaritzaren aurrean egindako elkarretaratzean, «denok egin ahal dugulako pixkatxo bat, hain gogorra den egoera hau amaitzeko».
Martutenera eta Basaurira
Eta asko dira egunotan presoen eskubideen alde egiten ari diren ekimenak. Herenegun, Martuteneko eta Basauriko kartzelen aurrean egin ziren ekimen nagusiak. Ehunka lagun martxan joan ziren bi espetxeetako hormen alboraino, presoei elkartasuna bertatik bertara helarazteko.
Donostiatik eta Astigarragatik oinez joan ziren Martuteneraino ehunka lagun, presoak etxeratzearen aldeko ikurrak eskuetan hartuta. Kartzela aurrean irrintzika, oihuka eta txaloka aritu eta ordu erdira, preso bat leihora atera zen emakumezkoen moduluan, barroteen artean.
Gizonezkoen moduluko leiho batean, burdina artean eseri zen ondoren beste preso bat, Amnistia jartzen zuen maindireari eutsita. Ordu erdi aritu ziren kanpoan zeudenekin animo mezuak trukatzen. Egun, bi preso besterik ez daude Martuteneko presondegian: Ainoa Landaberea eta Ieltxu Lopez de Aberasturi.
Basauriko espetxera auto ilaran joan ziren ehunka herritar, eta ekitaldia egin zuten kartzela ondoan. Gaixo dauden presoen eskubideak aldarrikatu zituzten bereziki. Hain zuzen, oso gaixo dauden hiru preso dituzte Basauriko kartzelan: Jon Agirre, Juan Pablo Dieguez eta Jose Ramon Foruria. Foruriaren erkideek, Markinan (Bizkaia) bertan egin zuten presoa aska dezatela eskatzeko beste ekimena. Minbizia du Foruriak, eta ebakuntza egin zain dago Basauriko kartzelan.
Hamalaugarren istripua
Igandean bertan, Ramon Uribe Navarro Usurbilgo presoaren bi lagunek auto istripua izan zuten, Salamancako Topas presondegian hurkoa ikusi eta etxerako bidean zirela. Autobidean zegoen oztopo bat saihesten saiatu ziren lagunak Miranda de Ebron, eta errepide erdiko mediana jo zuten. Lagunetako batek kolpea du sorbaldan. Presoen hurkoek aurten izandako 14. istripua izan da.
«Garai berria» etor dadin, egunotan ere presoen alde egiteko eskatu du Etxerat-ek
Ramon Uribe presoaren bi lagunek auto istripua izan zuten igandean, hurkoa bisitatu ondoren etxera bidean zirela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu