Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Garai berriko lehen bozak

ETAren jardun armatuaren amaierak markatutako hauteskunde kanpaina abiatu zuten atzo alderdi politikoekEstatus politiko berria eta erabakitzeko eskubidea presente egongo dira egunotan

Herritar bat, Donostiako kiosko batean eskegitako egunkariei begira, ETAren iragarpenaren biharamunean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Koldo Aldabe.
2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
ETAk jardun armatua behin betiko utzi du, baina inoiz baino presenteago egongo da Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainan;ETA bera baino gehiago,ETAk hartutako erabakia egongo da presente. Ez dago zalantzarik erabaki horrek eta erabaki horren aurretik egin diren urratsek garai berri bat ireki dutela Euskal Herrian, eta bozak urrunagoko erakundeetarako badira ere, garai berri hori kudeatzeko erakunde garrantzitsuak dira atzo hasitako kanpainaren amaieran aukeratuko dituztenak. Beraz, ez da zaila ulertzen zergatik alderdi eta koalizioek jarri duten hainbesteko indarra hauteskunde horietan.

ETAren jardun armatua amaitu da, kito. Eta hori bera berrikuntza da, hauteskundeotan ez baita talde armatuaren ez mehatxurik ez eta ekintzarik izango.

Aldea dago, 2008ko bozetan, kanpaina amaitzera zihoala, ETAk Isaias Carrasco PSE-EEko Arrasateko zinegotzi ohia hil baitzuen, eta kanpaina bertan behera geratu baitzen. Hilketa horrek eragin handia izan zuen hauteskundeetan eta emaitzetan. Oraingo erabakiak emaitzetan izango duena azaroaren 20an neurtuko da; kanpainan, ordea, presente egongo da.

Presente dago. EAJk estatus politiko berria aldarrikatu du hauteskunde programan, eta ETAren erabakiak dagoeneko hori ukatzeko aitzakiak ezabatu dituela esan du.

Euskal Herriaren aitortza eta erabakitzeko eskubidea dira, berriz, Amaiur koalizioak Madrilera eramango dituen aldarrikapen nagusiak.

Bai EAJ bai Amaiur gatazka politikoari irtenbidea emateko elkarrizketa ari dira aldarrikatzen, eta PSE-EErekin eta PPrekin talkan dabiltza, haiek gatazka bakarra ETA izan dela baitiote orain.

Baina eztabaida horiek guztiak eta egin beharreko urratsak bozen ostean sortuko diren gorte eta gobernu berrien esku utzi dituzte PPk eta PSOEk. Eta orain uzkur ageri diren arren, heldu beharko diete gai horiei agintariek eta oposizioan geldituko direnek.

Espero dituzten emaitzak

Inkestak goitik behera iraultzen ez badira —gaur beste bat argitaratuko dute—, Mariano Raxoik gobernura eramango du PP. Ikusteko dago gehiengo absolutuaren marra gainditzen duen, eta hala bada, zenbat gainditzen duen.

Hego Euskal Herriari dagokionez, bestelakoak dira kontuak. Duela lau urteko aulki banaketa irauli egingo da, bereziki, indar garrantzitsu bat gehiago sartu delako lehian. Amaiurren presentziak 2008ko emaitzak aldaraziko ditu, eta, bide batez, duela lau urte ez bezala, indar guztiak presente egongo dira bozetan.

Espainiako Legebiltzarrean talde propioa osatzea jarri dute xede nagusi EAJk eta Amaiurrek, alegia, bost diputatutik gora lortzea. EAJk sei eskuratu zituen 2008an; Amaiurrek ez du orduko esperientziarik, baina aurtengo maiatzeko hauteskundeetan Bilduk eta Aralarrek lortutako emaitzen batuketak emango lioke talde parlamentarioa Madrilen.

Sozialistek ez dute lortuko 2008ko emaitzak errepikatzea; 11 parlamentari eskuratu zituzten Hego Euskal Herrian 2008an. PPk (UPNrekin Nafarroan) bost eskuratu zituen, eta, orain, sozialisten galerak eurei egingo die mesede, bi alderdiok Espainiako emaitzen baitan mugitu izan baitira ia beti.

Geroa Baik Uxue Barkosen aulkiari eutsi nahi dio Madrilen. NaBairekin bi legegintzalditan egon da, baina oraingoan koalizio murritzagoan aurkezten da, eta Amaiur ere lehiakide izango du.

Ekonomia ere bai

2008an, ordukoa krisi ekonomikoa zen edo atzeraldia zen eztabaidan murgildu baziren, oraingoan argi dago krisi ekonomikoa inoiz baino gordinagoa dela eta hartu diren neurri gogorrek ez dutela balio izan.

Kanpainako ardatz nagusietakoa izango da, eta hauteskunde programetan ere leku nabarmena hartu dute ekonomia alorreko proposamenek. Arrazoi faltarik ez dute. Atzo bertan eman zituzten langabezia datuak: Hego Euskal Herrian gero eta gertuago dago 200.000 langabeen marra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.