raba, Bizkai eta Gipuzkoako 16 urteko neska-mutikoek duten euskararen ezagutzaren inguruko azterketaren berri asteon jakin denetik, berriro ere mahai gainean jarri da hezkuntzako hizkuntza ereduei buruzko eztabaida. Baina eztabaida ez da berria: 1983. urtean hizkuntza ereduak arautzen dituen dekretua argitaratu aurretik ere erabili beharreko hizkuntzaren inguruko iritzi trukeak zeuden hezkuntzako eragileen artean. Izan ere, gaur hiru eredu daude indarrean: A ikasgai guztiak espainieraz eta bakarra euskaraz, B ikasgai batzuk euskaraz eta beste batzuk espainieraz eta D ikasgai guztiak euskaraz eta bakarra espainieraz. Haien jatorria 70eko hamarkadaren amaieran dago.
80ko hamarkada hasi baino lehen, zenbait ikastolatan bazegoen nolabaiteko kezka bat erabili beharreko hizkuntzaren inguruan. Feli Etxeberria Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak azaldu duenez, sasoi hartan euskaraz ez zekiten gurasoen seme-alabak hasi ziren ikastoletan. Horrek sortzen zuen «desorekari» aurre egiteko, zenbait ikastolatan beste eredu bat jartzea proposatu zuten. «Ikasleak gutxinaka euskararen munduan murgiltzeko bidea zen. Irakasleak beti egingo zien euskaraz, baina ikaslea erosoago sentitzen bazen erdaraz galdetzen, ez zegoen horretarako arazorik», azaldu du. Baina ikasleak bi taldetan banatzeak ez zuen harrera onegirik izan, Etxeberriaren hitzetan. «Gogoan dut guraso talde bat neurri horren aurka jarri zela. Beren seme-alabak bigarren graduko ikasleak ote ziren galdetzen ziguten».Ikastoletan hasitako bide horrek izan zuen jarraipenik. Espainiako Hezkuntza Ministerioaren Gipuzkoako ikuskatzaile Carlos Arribas Madrilera eraman zuten, teknikari. Hark ondo ezagutzen zituen Hego Euskal Herriko irakaskuntzan zeuden eskaerak eta kezkak. Hala, hezkuntza munduko zenbait euskal eragileri ikastetxeentzat baliagarria izan zitekeen liburuxka prestatzeko agindu zien. Horien artean zen Lontxo Oihartzabal Euskadiko Autonomia Erkidegoko (EAE) Eskola Kontseiluko presidentea. Hain zuzen, bere ardurapean egin zen lan hura.
Santamariak eskatuta batzordea sortu zen
Gerora, 1978-79. urteetan, Euskadiko Kontseilu Nagusiaren garaian, EAEko hezkuntza sistema antolatzeko lanean ari zen Karlos Santamaria. Oihartzabalek gogoratu duenez, Santo Tomas Lizeoko zuzendari Mari Karmen Alzuete jarri zuen Hezkuntzako zuzendari nagusi gisa. Alzuetek Oihartzabal bera, Xabier Mendiguren Bereziartu eta Mikel Lasa ezagutzen zituen, eta aholkulari gisa aritzeko deitu zituen.
Indarrean dauden hizkuntza ereduak diseinatu zirenean zegoen giroa eta baldintzak eta gaur egunekoak «oso ezberdinak» direla ohartazi dute Oihartzabalek eta Mendigurenek. Garai hartan, euskarazko irakaskuntzarako eskaera handia zegoen gizartean, baina euskaraz eskolak emateko irakasleak gutxi ziren. «Aurrera ateratzeko baliabiderik ez zuen egitasmorik ezin genuela proposatu oso argi geneukan», dio Oihartzabalek. Horri beste arazo bat gaineratu behar zitzaiola zehaztu du. «Guraso askok irakaskuntza euskaraz izatea eskatzen zuten, baina gehienez euskarazko ikasgairen bat onartuko lukeen beste talde handi bat ere bazegoen. Bestalde, zenbait familiatan bazegoen euskararen kontrako sentipen bat, eta gainera, guraso asko beldur ziren, eta eskola prozesuan bi hizkuntza sartzea kaltegarria izango ote zen galdetzen zuten. Jakina, guk ez geneukan horren beldurrik, ikastoletan prozesu hori normal egiten zela ikusten genuelako».Irakasle prestaturik ez zegoela ikusita, euskarazko irakaskuntza non egin eta non ez egin erabaki behar izan zuten, Mendigurenek esan duenez. Euskara zegoen tokietan euskarazko iraskuntza eskaintzea hobetsi zuten, emaitzak hobeak izango zirelakoan, eta, apurka-apurka irakasleak prestatu ahala, euskarazko irakaskuntza euskara galdua zen tokietara zabaltzea zen asmoa. «Horren arabera, mapa bat eraiki behar izan zen, egoera soziolinguistikoa nolakoa zen jakiteko». Santamariak eskatuta sortu zen aholkulari batzordearen lanaren emaitza gisa, liburua argitaratu zuten. Bertan, eredu bakoitzaren ezaugarriak eta eman beharreko edukiak jasotzen ziren. Garai hartan, lau eredu proposatzen ziren: A, B, C eta D. B eta C elebidunak ziren, baina batean bestean baino euskarazko ikasgai gehiago zeuden. Gerora sinplifikatu egin ziren, eta Pedro Migel Etxenikek zuzentzen zuen Hezkuntza Sailak gaur egun ezagutzen dugun hizkuntza ereduen sistema jasotzen zuen dekretua kaleratu zuen, 1983ko uztailaren 11n.
Aurrera begira, aldaketa
Indarrean dagoen hizkuntzen ereduen sistemaren diseinuan parte hartu zutenek aldaketaren premia dagoela esan dute. «Egoera eta premia jakin batzuei erantzuteko sortu zen sistema hura, baina, gaur egun, dauden premiak eta baliabideak bestelakoak dira», agertu du Mendigurenek. Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan, murgiltze ereduek bakarrik ziurtatzen dute haurren euskalduntzea. «Beste ereduekin porrota daukagu». Halaber, ikastetxeetan ingelesa ikasteko beharra ere kontuan izan behar dela ohartu du. «Eredu on bat pentsatu behar dugu; gainera, irakasleriaren prestakuntza daukana baino hobea izan behar da eta behar beste baliabide eman behar zaizkio». Era berean, gizarteak ere bere «bultzadatxoa» eman behar duela deritzo. «Eskolak bakarrik ezin du euskaldundu. Lan munduan euskararen erabilerarik ez badago, zaila izango da euskara ikastearen premia egotea», esan du.
Etorkizunean jarraitu beharreko bidea marraztu du Oihartzabalek: «Gure ikasleek 16 urte dituztenerako hiru hizkuntzatan izan behar dituzten gutxieneko trebetasunak zehaztu behar dira. Ikastetxeek horien berri izan behar dute, eta horiek lortzeko bere hizkuntz proiektua egin beharko dute, hizkuntza bakoitzari eman beharreko tratamendua zehaztu dezaten».Etxeberriak ere gaur eguneko ereduen sistema gainditzearen aldeko proposamena egin du. «Ez dakit B ereduak jarraituko duen, eta edo eredu bakarra izango den. Baina eredu bakarra izanda ere, ezberdintasunak egon beharko dira, gure gizartea oso heterogeneoa delako».
HEZKUNTZA. EUSKARA. HIZKUNTZ EREDUAK HEZKUNTZAN
Garai hartako premien ondorioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu