Jose Luis Rodriguez Zapaterok Espainiako gobernuburuak hauteskundeak azaroaren 20ra aurreratzea begi onez ikusi du ezker abertzaleak. Komunikabideetara igorritako ohar batean nabarmendu duenez, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak aukera bat izango dira «Euskal Herrian martxan den prozesu politiko eta sozialean sakontzeko». «Hauteskunde horiek, beste edozein helbururen gainetik, prozesu demokratikoa bultzatzeko, herri modura dagozkigun eskubideak bultzatzeko eta Espainiako Estatua eta hurrengo gobernua gatazkaren konponbide oso batera bultzatzeko balio behar dute».
«Aro berriaren» helburu nagusia bakea eta konponbide demokratikoak ekarriko dituen prozesua garatzea dela nabarmendu du ezker abertzaleak. Prozesuaren xedea Euskal Herriak Espainiako Estatuarekin pairatzen duen gatazka politiko eta historikoari behin betiko amaiera ematea dela azaldu du. Hori hala, azaroaren 20ko hauteskundeak alderdien gainetik daudela iritzi dio ezker abertzaleak, eta «herri modura» erantzutera dei egin du. Bozak garai berriak indartzeko «palanka» izan behar dutela esan du.
Indar subiranistak gora datozela eta PPk eta PSOEk ordezkatzen duten blokea geroz eta ahulago dagoela nabarmendu du, halaber, ezker abertzaleak, eta hori aintzat hartuz jokatzera deitu du. Era berean, bi alderdi horiek «blokeo jarrera etengabea» dutela salatu du.
Erabaki «naturala»
Erreakzio soka luzea ekarri du Zapateroren iragarpenak. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ustez, Espainiako gobernuburuak «ohore handiarekin» jokatu du. Lopezen ustez, Zapaterok beste era batera joka zezakeen, legealdia azkeneraino eraman eta Alfredo Perez Rubalcaba hautagai sozialistari kanpaina prestatzeko aukera eman.
EAJren izenean, Ricardo Gatzagaetxebarria legebiltzarkideak esan du Zapateroren erabakia «naturala eta arrazoizkoa» dela. Krisialdi ekonomikoak gobernuari egin dio kalteak eta alderdiaren presioak eraman dute Zapatero erabaki hori hartzera, Gatzagaetxeberriaren iritziz.
Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak, berriz, esan du hauteskundeak erronka bat izango direla indar abertzaleentzat. EAk Euskal Herrian gehiengo independentista dagoela erakusteko helburuarekin lan egingo duela adierazi du.
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, berriz, Zapaterok «ETAren, bakearen eta biolentziaren inguruan izan duen kezka» nabarmendu du. Aresen hitzetan, Zapaterok «jarrera ausarta» izan zuen 2006ko su-etenean, «bake prozesua hasita». «Gaur egun tunelaren amaieran argia ikusten bada Zapateroren ekimen politiko horren ondorio da», gaineratu du.
Antzera mintzatu da Alfredo Perez Rubalcaba presidentegai sozialista. Atzo bi urte bete ziren ETAren azken atentatu hilgarria jazo zela. Atentatu hartan hildako bi guardia zibilak gogoratzekoPalman (Herrialde Katalanak) eginiko omenaldian izan zen Rubalcaba. ETAren «aro beltza» amaitzeko «arreta eta batasuna» mantentzea beharrezkoa izango dela nabarmendu zuen.
Garai politiko berrian sakontzeko aukera dagoela dio ezker abertzaleak
Alderdi guztiek egokitzat jo dute Zapaterok hauteskundeak aurreratzea erabaki izana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu