euskal herria

Garaialde eta Etxaburu senar-emazteak, epaiaren zain

Espainiako Auzitegi Nazionalean, Joseba Andoni Garaialderentzat lau urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak, eta urte eta erdikoa Garbiñe Etxabururentzat. "Terrorismoa goratu" izana leporatzen die biei, eta Garaialderi autoritatearen kontra atentatua egitea. Absoluzioa eskatu du Iñigo Iruin abokatuak.

2013ko apirilaren 25a
14:54
Entzun

2010eko irailean Itxaso Lekuona Askapenako kidearen atxiloketa salatzeko manifestazioan gertatutakoen ondorioz izan dira Auzitegi Nazionalean Joseba Andoni Garaialde eta Garbiñe Etxaburu senar-emazteak. Carlos Bautista Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du bientzat "terrorismoa goratzeagatik", eta era berean, bi urte eta zortzi hilabeteko zigorra gehitzea eskatu du Garaialderentzat, autoritateari atentatua egin ziola uste duelako, kontzentrazioan zegoen ertzain bati ustez "zaplasteko" bat eman ziola-eta.

Fiskalaren arabera, "Gora ETA" oihukatzeak erakunde armatua goratzen du, eta beraz, ekintza armatuak babesten ditu. Iñigo Iruin abokatuak, berriz, absoluzioa eskatu du, ez dagoelako indarkeria goratu zutela erakusteko nahikoa frogarik; zaplastekoa ere ez da frogagarria.

Prozesua amaitu aurreko azken hitza baliatu du Etxaburuk errugabetasuna argudiatzeko. Tratamendu psikologikoa jasotzen ari zen orduan, beste arazo batzuei aurre egiteko. Enpresari nola aurre egin eta etxea nola ez galdu ziren bere kezkak, eta apatia egoeran bizi zen. "Oihukatzeko" ezintasuna zeukala esan zuen. "Igual zitzaidan identifikatu edo ez" tratamenduaren ondorioz.

Ertzaintzak 2010eko manifestariei identifikatzeko eskatu ostean sortu ziren liskarrak. Ertzaintzak pertsona bat ere atxilotu zuen.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.