Emakumeen kontrako indarkeria

Garaik sexu erasoa jasan zuen, labankadak hartu zituen eta odolustuta hil zen

Aintzane Garai zenaren autopsia egin dute, eta zenbait komunikabidek zabaldu dutenez eman zizkioten labankaden ondorioz odolustuta hil zen. Gainera, sexu-erasoa jasan zuela ere jakinarazi dute. Garairen herrian, Barrikan (Bizkaia), xingola beltza ezarri dute Udaletxean, eta horrez gain, atzo Udaleko bozeramaileen batzordeak hitzartutako gaitzespen agiria plazaratuko dute eguerdian. Bakioko Udaleko kideak ere eguerdian biltzekoak dira beste gaitzespen agiri baten inguruan ados jartzeko. Halaber, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak adierazpen instituzionala onartu du, 26 urteko neska gaztearen heriotza gaitzesteko eta emakumeen kontrako indarkeria salatzeko. Gainera, legebiltzarreko kideek elkarretaratzea egin dute eguerdian. Bitartean, Garairen bikotekide izandako M.H.B. 24 urteko gizonezko gernikarrak atxilotuta jarraitzen du.

2005eko urriaren 18a
15:59
Entzun
Ostiral gauetik falta zen Aintzane Garai. 22:00ak aldera atera zen etxetik hitzordu batera joateko —lantokiko nagusiarekin zegoela geratuta esan zien etxekoei, baina, agi denez, orain hiru urte arte bikotekide izan zuen M.H.B.rekin zuen hitzordua—. Harrezkero ez zuten neska gaztearen berririk, harik eta atzo eguerdian Bakio eta Armintza artean, itsaslabar batean, hilotz aurkitu zuten arte. Ertzaintza ari zen bilaketa lanak gidatzen, baina Garairen lagunek topatu zuten gorpua. Indarkeria zantzuak zituen.

Handik gutxira 24 urteko M.H.B. atxilotu zuten Gernikan, hilketarekin zerikusia duelakoan. Aurretik ere behin baino gehiagotan galdekatu zuen Ertzaintzak, baina neska ez zela hitzordura agertu azaldu zuen behin eta berriz. Atxilotuta jarraitzen du.

Mobilizazio ugari

Eguerdian elkarretaratze isila egin dute Eusko Legebiltzarraren aurrean. Hango lehendakari Izaskun Bilbao izan da elkarretaratzearen buruan, eta legebiltzarreko ia kide denak izan dira bertan. Ordu laurdeneko elkarretaratzea egin dute, eta gero Legebiltzarreko Mahaiak onartu duen agiria irakurri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.