Garaikoetxea Gasteiz Hotelean berriro, orain EH Bildu babesten

EAren sorreraren lekuko izan zen hotel berberean egin du koalizioak ekitaldia. Jaurlaritzako lehendakari ohiak esan du autodeterminazio eskubidea, sozialdemokrazia, giza eskubideen defentsa eta bide politiko eta demokratikoen erabilera direla EH Bilduren oinarriak, eta horregatik "guztiz koherentea" dela berak sostengua ematea.

edurne begiristain
2012ko irailaren 25a
15:20
Entzun

Duela 26 urte EAren sorreraren lekuko izan zen hotel berbera aukeratu du EH Bildu koalizioak kanpainaurreko ekitaldi politikoa egiteko: Gasteiz Hotela. Gainera, orduko protagonista bat ere bertan izan da: Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia. Ez da kasualitatea izan, beraz, EAren sorrera batzorde hartan onartu ziren printzipioak hizpide hartzea Garaikoetxeak; hau da, autodeterminazio eskubidea, sozialdemokrazia, giza eskubideen defentsa eta bide politiko eta demokratikoen erabilera. "Printzipio horiek ere badira egun EH Bilduren oinarriak, eta horregatik guztiz koherentea ikusten dut nire burua hemen".

Lepo bete zen Gasteiz Hotela koalizio abertzaleak arratsaldean eskaini zuen hitzaldia entzuteko. Hizlarien izenak—Laura Mintegi eta Carlos Garaikoetxea— ere izan zuen eraginik jendetza erakartzeko, ziurrenera. Independentziaz mintzatu ziren biak ala biak. Burujabetza lortzeko bideaz. Jorratu beharreko elkarlanaz.

Euskal Herria estatu propioa bilakatzea eta gizarte "zuzenagoa" lortzea jada ez da "ameskeria" gaur egungo Europan, adierazi zuen Garaikoetxeak. Eta erronka horri aurre egiteko "laguntza osoa" eskaini dio Mintegi lehendakarigaiari. Ez du zalantzarik gainera, lortu lortuko duela EH Bilduk garaipena: "Aukera historiko baten aurrean gaude, historian lehen aldiz herri honen errealitate politiko eta soziala islatzen duen lehen indarra izan gaitezkeelako".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.