Macronen inguruko hautagaiek eskuina izango dute arerio nagusi Ipar Euskal Herrian, astebete barru egingo den Legebiltzarrerako bozetako bigarren itzulian. Izan ere, hiruretan izan dira bozkatuenak Emmanuel Macron presidentearen Martxan alderdiko hautagaiak.
Laugarren barrutian Loic Correge izan da bozkatuena, 11.688 botorekin (%25,4) eta bigarren itzulian aurkari izango du Jean Lassalle (Eutsi) diputatu ohia, 8.145 boto eskuratuta (%10,16).
Bosgarrenean, Florence Laserre-Davidek 16.489 boto eskuratu ditu (%37,44), eta Colette Capdevielle sozialista izango du aurkari, 5.765 boto jasota (%13,24).
Azkenik, seigarrenean Vincent Bru izan da bozkatuena, 20.087 botorekin (%38,94); bigarren tokian geratu da, berriz, Maider Arostegi hautagai errepublikanoa igaro da bigarren itzulira, 7.882 boto bereganatuta (%15,28).
EH Baik 12.155 boto lortu ditu guztira, eta seigarren barrutian lortu du emaitza onena; gehien bozkatutako zerrenden artean hirugarrena izan da. Gora egin du 2012ko bozekin alderatuta, 11.518 boz izan baitzituen orduan. "1.700 boz dira gure artean, eta horiek Miarritzen galdu ditugu", adierazi du Peio Etxeberria Aintxartek. Herrietan "biziki emaitza onak" eskuratu dituztela baieztatu du.
Frantzian ere Martxan nagusi
Datorren igandean lehenengo itzuliko emaitzak berretsiz gero, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak gehiengo zabala lortuko du Frantziako Asanblean. Botoen %98 zenbatuta, Errepublika Martxan babesten duten zerrendek botoen %32,3 eskuratu dituzte lehen itzulian, eta 390 eta 430 ordezkari artean lor ditzake bigarrenean. 577k osatzen dute legebiltzarra, eta, beraz, eroso gobernatuko luke Macronek.
Errepublikanoak izan dira bigarren indarra, UDIrekin batera, %18,8 boto lortuta. 70 eta 110 diputatu artean lor ditzake. Duela hilabete, Fronte Nazionala izan zen bigarren itzulira igaro zena, baina, legebiltzarrerako bozetan, hirugarrena izan da, botoen %13,3 jasota. Ipsosen arabera, 1-5 parlamentari lor ditzake.
Jean Luc Melenchonen Frantzia Intsumisoak ere nabarmen egin du atzera presidentzialetako bozekin alderatuta, %19tik %11ra igaro baita. Alderdi Sozialistak ez du burua altxatu, eta botoen %7,8 lortuta, bosgarren indarra da. Orain arte, legebiltzarreko ordezkarien erdiak zituen PSk, baina 20-30 inguru izan ditzake datorren igandean.
Abstentzioa, azken urteetako altuena
Parte hartzeak nabarmen egin du behera, %48,7koa izan da, eta 2012an, berriz, %57,22koa izan zen. Handiagoa da aldea, Frantziako presidentetzarako bozen lehen itzuliarekin alderatuta; apirilaren 23an, %80 inguruk eman zuten botoa.
Frantzian bezala, Ipar Euskal Herrian ere asko izan dira ez bozkatzea erabaki dutenak. Laugarren barrutian, %58,53k bozkatu dute, duela bost urte baino 5,1 puntu gutxiago. Bosgarrenean, %53,21 joan dira botoa ematera (-%6). Seigarrenean, berriz, %52,99k eman dute botoa.
Hautagaiak haserre
Emaitza esperi gabekoa izan da askorentzat, eta erreakzioak berehala heldu dira. Capdevielle sozialista haserre agertu da, Lasserrek lortutako garaipena dela eta. "Florence Lasserre Ipar Euskal Herriaren ezagupenaren agertu izan da, eta Angeluko herriko etxean Euskal Elkargoaren kontra bozkatu zuen, ez da sekula inplikatu euskal gatazkaren konponbidearen alde, euskal presoen egoeraren inguruan... Lasserre ez ote da hautagai anti-euskalduna? Gobernuak galdetuko dion guzia onartuko du".
Bigarren itzulia zaila izango dela aitortu du, bere aldetik, Lassallek. "Ring gainean aspalditik zabiltzanean eta boxeolari gazte bat agertzen denean, uhain batek bultzatua, zaila da". Izan ere, hamabost puntuko aldea ateratzen dio diputatu ohiari Martxan-eko hautagaiak.