Udal eta foru hauteskundeak

Garbiñe Ruiz eta David Rodriguez, Ahal Dugu-ko Gasteizko eta Arabako zerrendaburu izateko primarioetan

Elkarrekin Podemos-IUko Gasteizko Udaleko eta Arabako Batzar Nagusietako gaur egungo bozeramaileak 'Bat Egin Podemos' proiektuaren barruan aurkeztu dira Ahal Dugu alderdiko primarioetara.

Ezkerretik eskuinera, Rodriguez eta Ruiz. AHAL DUGU.
inaut matauko rada
2022ko urriaren 3a
12:29
Entzun

Gaur goizean, Garbiñe Ruizek eta David Rodriguenek datozen hauteskundeen aurreko Ahal Dugu-ren primarioetarako hautagaitzak aurkeztu dituzte, Gasteizko Udaleko eta Arabako Batzar Nagusietako zerrendaburuak izateko. Hedabideen aurrean adierazi dute hiri eta lurralde eredua aldatzeko «irrikazko helburua» dutela, hiritar guztiak «babesteko».

Bat Egin Podemos programaren barruan aurkeztu dira primarioetara, eta proiektu «ireki eta integratzailea» dela adierazi dute, ongizate estatua mantentzeko eta herritarrei «bizitza duina» bermatzeko, zerbitzu publikoak indartuz. Gizarte eredu justu, berdintasunezko, feminista eta ekologista bat sortzeko lanean ari direla adierazi dute, eta kideen babesa dutela erantsi.

Gasteizko egoera aztertuz, Ruizek adierazi du Gorka Urtaran Gasteizko alkatetzan egon den urteetan ez dela gizartearen gehiengoaren aldeko aldaketarik egon: «Gasteizek potentziala du, baina atzean geratzen ari gara. Ongizate eredua indartzeko helburua izan behar du». Etxebizitzaren auziari helduta, Ruizek esan du Gasteizen milaka pertsona daudela alokairu sozialeko etxebizitza baten zain: «Ez da etxebizitza soziala bultzatzen ari».

Zerga sistema progresiboago bat

Kalitatezko zerbitzu publikoak mantentzeko zerga sistema «justuago eta progresiboago bat» izatea beharrezkoa dela iritzi dio Rodriguezek, errenta eta ondare handiak dituztenek «ekarpen handiagoa» egiteko. Bestalde, Araban biztanleria modu desorekatuan banatuta dagoela uste du hautagaiak, eta esan du etxebizitzak zaharberritzea eta familia gazte berrieifinkatzen laguntzea dela egokiena landa ingurunearen birpopulazioa bultzatzeko.

Araneta ez da aurkeztuko

Elkarrekin Podemos-IUren Donostiako Udaleko bozeramailea, Aitzole Araneta, ez da aurkeztuko Ahal Dugu-ko primarioetara. Hala adierazi du EAEko Ahal Dugu-k, prentsa ohar baten bidez, eta azken urteetan udalean egindako lana eta «esfortzua» eskertu dizkio alderdiak Aranetari. Alderdiak adierazi du duela hilabete batzuk Aranetak bere ibilbide profesionalari berrekiteko asmoa helarazi ziola. Hala ere, Ahal Dugu-ri babesa ematen jarraituko duela esan dio Aranetak alderdiari.

Joan den hilean, Haizea Garai Ezker Anitzako zinegotziak dimisioa eman zuen, Aranetari egotzita «indarkeria fisikoa eta hitzezkoa» erabili izana bere aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.