Juan Carlos Garcia Goenaren hilketaren inguruan galdetzeko, deklaratzera deitu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Pablo Ruzek Jose Amedo polizia ohia. Pedro Rubira fiskalaren eta Laura Martin Garcia Goenaren alargunaren eskariz deitu du Ruzek deklaratzera.
Cal Viva liburuan, Patxi izeneko pertsona bat lotzen du Amedok hilketarekin. Martinek adierazi du Hendaiako Photo Galaxie argazki estudiora joan zirela sarri Garcia Goena eta bera, eta Patxi zuela izena estudioaren jabeak..
Lanera abiatzeko autoan sartu, eta eztanda izan zen. Momentuan hil zen Garcia Goena (1959 - 1987). Auzitegi Nazionalaren 1991ko iraileko epaiak Garcia Goenaren hilketagatik absolbitu egin zituen Amedo eta Dominguez. 2001ean auzia artxibatu egin zen behin-behinean, eta 2011tik, zenbait informazio berriren ondorioz, atzera zabalik dago auzia.
GALen azken biktima ofiziala izan zen. Tolosakoa zen jaiotzez, baina zazpi urte zeramatzan Ipar Euskal Herrian errefuxiatuta. Ez zen ohiko iheslaria: ez zuen erakunde batean militatzen, eta ideal politiko argirik ere ez zitzaion ezagutzen; soldadutzatik ihesi joan zen Ipar Euskal Herrira.