Badira 27 urte GALek Juan Carlos Garcia Goena hil zuela. Hilketaren inguruko ikerketa, ordea, zabalik da oraindik. Hain zuzen ere, El Mundo-ko kazetari Antonio Rubioren arabera, ikerketa oztopatzen saiatu dira Espainiako Informazio Zerbitzuak, Javir Lopez de Liaño abokatuaren bulegoko idazkari bat "atzematen" saiatuta. Antza haien helburua zen ikerketaren nondik-norakoak ezagutzea eta froga berriak zeintzuk ziren jakitea.
Gomez de Liaño epaile ohiak kazeta horri azaldu dionez gertatutakoaren berri jakin zuenean Auzitegi Nazionalera jo zuen: "Ez daukat zalantzarik ekintza horren atzean CESID ohia dagoela. Auzitegi Nazionalean epaile moduan egin ditudan hamar urteetan, eta zehatzago esanda Lasa eta Zabalaren tortura eta hilketari buruzko sumarioaren instrukzioa neraman bitartean, segurtasun zerbitzuek jakinarazi zidaten legez kanpoko praktiken berri izan zutela, eta haien atzean CESID zegoela".
Orain arte argitara ateratako datuen arabera, GAL marroiaizan zen Garcia Goenaren hilketaren erantzulea. CESIDeko kideek eta kolaboratzaileek eta Intxaurrondoko koarteleko guardia zibilek osatzen zuten komando hura.
Hain zuzen ere, Garcia Goenaren kasuan Jean Louis ezizena duen polizia frantses bat ari dira ikertzen. Hark harreman estua izan zuen bai INtxaurrondoko koarteleko guardia zibilekin, eta baita Espainiako zerbitzu sekretuekin ere. Jose Amedok gerora adierazi izan duenez, Jean Louisi Madrilek ordaintzen zion zuzenean eta "GALek Frantzian izan zuen azken buruzagi izan zen".