GARRAIOA. AZPIEGITURAK

Gares eta Lizarra arteko hamabi kilometroko autobide zatia, irekita

Bi hilabeteko aurrerapenarekin zabaldu dute eta egunero 12.ooo ibilgailuk erabiltzea espero dute

AMAIA BARRENETXEA
LIZARRA
2005eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Atzo ireki zen Iruñetik Logroñorako (Errioxa, Espainia) autobidearen hirugarren tartea, Gares eta Lizarra (Nafarroa) lotzen dituena. Donejakue Bideko autobiaren zati honek 12,200 kilometro izango ditu. Orain arte egin diren tarte guztiak batuz, osotara 23 kilometro daude irekita ibilgailuentzat. Zabaltzeko ekitaldian, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea, Alvaro Miranda Herrilan kontseilaria, Maria Jose Fernandez Lizarrako alkatea, Cruz Barandalla Ziraukiko alkatea, eta beste hainbat herritako alkateak eta zinegotziak izan ziren.

Autobidearen hirugarren zatiaren lanak 2003ko martxoaren 15ean hasi ziren, irailaren 30ean bukatzea aurreikusi bazuten ere, bi hilabete lehenago bukatu dituzte. Alvaro Miranda Herrilan kontseilariak nabarmendu zuenez, aurrerapena une egokian izan da. «Uda honetan, 800.000 bidaia inguru autobide berritik egingo dira». Gaur egun, Iruñea eta Logroño elkartzen dituen errepidea N-111 da. Iruñetik Lizarrarako tartea 11.083 ibilgailuk erabiltzen zuten egunero, eta Lizarra eta Logroñoren artekoa, berriz, 4.768k. «Autobideak onura handiak ekarriko ditu gidarientzat, batez ere denbora eta segurtasunari dagokionez», esan zuen Mirandak.Egiteko daude oraindik Erreniega mendiko tunelak. Zati honek ere sei kilometro inguru izango ditu, eta azaro aldera bukatuta egotea espero da.

Alkateak itxaropentsu

Atzoko ekitaldian egon ziren alkate eta ordezkari politiko guztiek nabarmendu zuten autobide berria oso garrantzitsua izan dela zonaldean proiektu berri gehiago egiteko eta enpresa berriak bertan kokatzeko. Lizarrako alkate Maria Jose Fernandezek adierazi zuenez, «irekitako errepidea, enpresa berriak ezarri eta garatzeko oso baliagarria izatea espero dugu»

Orain zabaldutako tarteakMañeru, Zirauki, Lorka, Lakar, Murillo, Arandigoien eta Villatuerta herriak zeharkatzen ditu, eta beste hainbat herritan loturak ditu. Bide berria Ziraukiko herritik 150 metrora igarotzen da. Cruz Barandalla bertako alkateak adierazi zuenez, «hasieran, herriko jendea ez zegoen oso pozik, baina autobideak biztanleen bizitza hobetuko du, eta herrian enpresa berriak sortzeko aukera ona izango da». Errepide gainean dagoen herriko futbol zelaiari buruz alkateak aitortu zuen beldurra dela istripuren bat gertatuko ote den, nahiz eta babes-sareak dauden. «Futbol zelaia beste toki batera eramatea aztertzen ari gara».Iruñetik, Lizarratik eta Logroñotik pasako den bide berria oso garrantzitsua izango da inguruko biztanleentzat, Estellerria eta Iruñea arteko komunikazioa hobetuko duelako. Horrekin batera, Nafarroa, Logroño eta Ebro ibarrarekin komunikazio ardatza handitu egingo da. Errepide zaharrean, Lizarrara heldu baino lehen, gasolindegi bat dago. Jabea pozik agertu da ireki berri duten autobidearekin. «Errepidetik gasolindegiraino sarreratxo bat egingo dute. Esan digutenez, kamioientzako aparkalekua, zerbitzugune bat eta hiru izarreko hotela eraiki behar dute. Jende asko geratzea espero dugu».

Datua





2

Nahiz eta atzoko inaugurazioan inork ez zituen aipatu, bi langile hil dira autobidea egiteko lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.