Atxiloketak

Garikoitz Aspiazu ETAko ustezko buruzagia atzeman dute Frantzian

Poliziak erakunde armatuko arlo militarreko buru jotzen du. Cauteretsen atzeman dute 3:30ean, etxe batean, Leire Lopez Zurutuzarekin. Bi pistola zituzten, Poliziaren arabera. Capbretonen bi guardia zibil hil izana leporatzen diote.

2008ko azaroaren 17a
21:51
Entzun
Frantziako Poliziak, Guardia Zibilarekin elkarlanean, Garikoitz Aspiazu Rubina ustezko etakidea atxilotu du gaur goizeko hiru eta erdietan Cauteretsen, Frantziako hego-mendebaldean -Pirinio Garaietako departamenduan dago herri hura, eta eski pista ugari du-. Laurence Le Vert Frantziako epaileak agindu du operazioa, eta etxe batean atzeman dute, emakumezko batekin. Poliziaren arabera, ETAko arlo militarreko buru da hura. Komandoetako buru jo dute beste batzuek. Poliziak emandako datuen arabera, Txeroki bezala egin da ezagun hura azkenaldian.

Aspiazu (Bilbo, 1973), Leire Lopez Zurutuza (Beasain, Gipuzkoa; 1977) ustezko etakidearekin atzeman dute -eguerdian egiaztatu du honen izena Guardia Zibilak-, eta Poliziak dio bi pistola zituztela. Hamasei ordu iraun du etxebizitzaren miaketak -atxilotuak bertan zirela-, eta Poliziak azaldu du, armez gain, bi ordenadore, Erresuma Batuko, Frantziako eta Espainiako agiri faltsuak, Erresuma Batuko gida baimen bat, Miarritzeko eta Angeluko (Lapurdi) mapak edota hiru mila euro aurkitu dituztela. Etxebizitzatik polizia-autoetara eraman dituztenean, bi atxilotutakoek "Gora ETA militarra" eta "Gora Euskadi askatata" oihuak bota dituztela esan dute berri agentziek. Baionako polizia-etxera eraman dituzte.

Michele Alliot-Marie Frantziako Gobernuko Barne ministroak jakinarazi du ostegunetik zeudela Cauteretseko etxe hartan ustezko etakideak, eta Polizia horren jakitun zela. Etxejabeak azaldu du Aspiazuk-eta italiarrak zirela esan ziotela etxea alokatzean.

Iazko abenduaren 1ean Capbretonen (Frantzia) Fernando Trapero eta Raul Centeno guardia zibilak hil izana leporatzen diote Aspiazuri. Baita 2001eko azaroan Getxon (Bizkaia) Jose Maria Lidon magistratua hil izana ere. 2006an, ETA su-etenean zela, Barajas Madrilgo aireportuan atentatua egiteko erabakia hartu zuenetako bat izan zela ere badiote -bi lagun zendu ziren-. Efe berri agentziak dioenez, 22 auzi ditu zabalik Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Poliziaren arabera, 2002an egin zuen ihes Frantziara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.