euskal presoak

Garikoitz Aspiazu ustezko etakidea Espainaratu dute

Larunbatera arte egongo da Auzitegi Nazionalean, eta bost atentaturi buruz galdekatuko dute. Azaroan atxilotu zuten, Frantzian.

2009ko irailaren 21a
18:26
Entzun
Garikoitz Aspiazu (1974, Bilbo) ustezko etakidea aldi baterako Espainaratu dute gaur (Soto del Real espetxera eraman dute), Auzitegi Nazionalean bost atentaturi buruz galdeketa egiteko. Beste hamasei auzi ditu zabalik auzitegi horretan. Espaniako Poliziak ETAko buruzagia izatea egotzi dio Aspiazuri.

Ustezko etakidea larunbatera arte egongo da Espainian eta gero Frantziara itzuliko dute, ahozko epaiketaren data zehaztu arte. Lehenengo aldia da Frantzian atxilotutako lagun bat entregatzen dutela, han oraindik ikertzen ari direla. Cauteretsen (Frantzian) atzeman zuten, pasa den azaroaren 17an, eta oraindik ikerketa fasean daude.

"Frantziaren eta gure artean dagoen harreman bikainaren seinale da gaurkoa", esan du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak.

2002an izan ziren bost atentaturen inguruan galdetuko diote Aspiazuri: Eduardo Madina sozialistak hanka galdu zuen erasoaz, Bilbon lehertarazi zuten auto bati buruz, Esther Cabezudo Portugaleteko (Bizkaia) alkateordea eta bere bizkarzaina zauritu ziren atentatuaz, eta El Correo egunkariaren taldeko Enrique Ibarrari eta Antena 3 telebista kateko ordezkaritzako Maria Luisa Gerrerori bidalitako bonba-pakete banari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.