Atxiloketa

Garikoitz Mujika Pauera eraman dute, eta euroagindu eskaeraren berri eman diote

Garikoitz Mujika gaur eraman dute Pauera. Han, bere kontrako euroaginduaren berri eman dio epaileak, 14:00etan. Frantziako Poliziak Garikoitz Mujika Zubiarrain atxilotu zuen atzo eguerdian. Baltasar Garzon epailearen aginduz atxilotu zuten Segiko militantea. Nazioarteko atxilotze agindua zegoen bere aurka, eta egun hauetan Madrilen epaitzen ari diren Haika-Segi auziko akusatuetatik bat da. 14 urteko presondegi zigorra jaso dezake Segiko kide izateagatik.

2005eko otsailaren 18a
17:10
Entzun
Gaur goizean eraman behar dute Pauera Mujika, han epailearen aitzinean pasatzeko. Unai Berostegieta, Araitz Zubimendi eta Ibon Arbuluren gisan, honi ere euroaginduaren berri emanen dio epaileak, itxura guztien arabera.Garzon epailearen aginduz Ipar Euskal Herrian gertatzen den hamargarren atxiloketa da atzokoa. Azkenak Berostegieta, Zubimendi eta Arbulu izan ziren duela hiru aste. Paueko Helegite Gorteak gaur emanen du jakitera horien kontrako euroagindu eskaera onartzen duen ala ez. Aitzinekoa Jean-François Lefort izan zen. Askatasuneko kide izateagatik eskatu zuten haren aurkako euroagindua. Parisko Helegite Gorteak atzera bota zuen. Paueko Helegite Gorteak Amaia Rekarte, Haritza Galarraga eta Yves Matxikoteren kontrako euroaginduak ere ez zituen onartu iaz. Segiko kide izateagatik ukan zuten euroagindua.

Eneko Aizpuru edozein unetan estradita dezakete

Juan Mari Olano eta Eneko Aizpuru euroaginduak indarrean jarri baino lehenago atxilotu zituzten. Olano Amnistiaren Aldeko Batzordeko bozeramaile izateagatik estraditatu zuten, eta geroztik preso dago. Aizpuru Segiko kide izateagatik atxilotu zuten. Aizpuru ere egun hauetan Madrilen epaitzen ari diren auzian auzipetua da. Hamalau urteko zigorraren arriskua du.

Frantziako Justiziak Aizpururen kontrako estradizioa onartua du, eta helegite aukera guztiak agortuak dira. Gaur egun, edozein unetan atxilotu eta Espainiako Justiziaren esku utz dezakete. 2002ko apirilaren 19an atxilotu zuten, baina zenbait hilabeteren buruan aske gelditu zen, prozedura akats baten ondorioz askatzera behartuak izan zirelako. Aske zela epaitu zuten estradizioa Agengo auzitegian.Askatasunak «gogor salatu» du Garikoitz Mujikaren atxiloketa. «Frantziak jarrera kolaboratzaile horrekin de facto indar politiko abertzaleen kriminalizazioa bultzatzen du». 60 lagunek kontzentrazioa egin zuten atzo Ziburun, atxiloketa salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.