Garisoaingo ermita herriarena dela esan du epaileak

Elizak jo zuen auzitara, baseliza berea zela esanez; epaileak esan du egiaztatzeko frogarik ez duela aurkeztu batere

Erredakzioa
Iruñea
2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Herriari arrazoi eman dio epaileak, eta Garisoaingo Pilareko Amaren ermita (Nafarroa) herriarena dela erabaki du. Iruñeko Artzapezpikutzak jo zuen auzitara, herriko kontzejuak ermita bere izenean jarri zuela salatzeko. Elizak zioen berea zuela baseliza, betidanik erabili zuela eta; kontzejuak, berriz, esan zuen herritarrek egin eta zaindu zutela eraikina, eta herriarena behar zuela izan. Artzapezpikutzak auzitara jo zuen, eta epaileak dio frogak aurkeztu behar dituela herriari jabetza kendu nahi izanez gero. «Ez du batere frogarik aurkeztu eman dituen argudioetan eragina izateko». Horrenbestez, atzera bota du Elizaren salaketa. Epaia ez da irmoa; Nafarroako Probintzia Auzitegian jar dakioke helegitea.

2008an jarri zuen kontzejuak ermita bere izenean. Iruñeko Artzapezpikutzak orduan ez zuen ezer esan. Eliza, ordea, Nafarroako hainbat herritako elizak eta horrelakoak bere izenean jartzen hasi zen, haietako gehienak inoren izenean ez zeudela baliatuta. Garisoainen, ordea, ezin izan zuen hori egin, herriak jarria baitzuen bere izenean baseliza. Auzitara jo zuen orduan Artzapezpikutzak, bi argudio erabilita: Madozen desamortizazio garaian (1855) ermita Elizarena izan zelaeta jabea beti izan dela Eliza.

Epaiketa urtarrilaren 12an egin zuten, Lizarrako auzitegian. Kontzejuaren abokatu Jeronimo Alvarez de Eulatek esan du saiatu zirela auzi saioa eragozten, baina Artzapezpikutzak muzin egin ziola. «Aurretiko saioan saiatu ginen akordio bat lortzen; jabetzari uko egitearen truke, bermatu genien erabilera katolikoa izango zuela baselizak, baina Artzapezpikutzaren abokatuak ez zuen nahi izan. Esan zuen ermitaren jabetzaren bila joango zirela». Epaileak haren aurka ebatzi du, eta gastuen erantzule egin du.

Herriari arrazoi eman diotelako gustura, Garisoaingo kontzejuko alkate Jabier Iltzarbek adierazi du «ondarea defendatzeko» betebeharra zuela. «Artzapezpikutzari ez diogu utziko Nafarroan nahi bezala aritzen, nahikoa gauzaren jabe egin baita dagoeneko». Baseliza herriarena dela aitortuta «konforme» geratu da Iltzarbe, baina erretore etxeak ere hala behar duela nabarmendu du: «Orain aztertu beharko da apaiz etxearen gaia. Dei egiten diot Artzapezpikutzari, bekatuak aitortu eta erretore etxea itzul dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.