Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren ustez, "gertatu denari eta bakoitzak jasotako eta eragindako minari buruz gogoeta egiteko eguna helduko da, baina hau ez da horretarako unea". Izan ere, "oraindik gatazka honetatik ateratzen ari gara", azaldu du.
Abuztuaren 1ean Azpeitian Loiola auzoan euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratze batera azaltzeagatik eta uztailean epaitu dituzten gazte independentista batzuk diputazioan hartzeagatik "deliturik" ez duela egin esan du ahaldun nagusiak Onda Vasca irrati katean egindako elkarrizketan, eta iruditzen zaio "alderdi eta erakunde batzuk demagogia handia" egiten ari direla eta haien jarrera ez dela "oso demokratikoa".
Lehengoan Loiolan Inaxio Uria ETAk hantxe hildako enpresaria zergatik ez zuen aipatu galdetu diote Garitanori, eta hark erantzun du egun horretan ez zegoela haren aldeko ekimenik antolatuta.
Gipuzkoako ahaldun nagusia bihar Gasteizen izango da, San Miguel balkoian, Zeledonen jaitsieran, Bildu udal taldeak gonbidatuta. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea ere han izango da.