Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak azaldu du ez zuela "bereizketarik" egin nahi izan ETAren biktimen artean. Garitanok argitu nahi izan du bere asmoa ez zela biktimen artean autonomia erkidegoen araberako "kategoriak" ezartzea.
Diario Vascori egindako adierazpenetan esan du bere deklarazioak ez zirela akats bat izan, galdera zehatz baten erantzuna baizik, Bartzelonako Hipercorreko atentatuko biktima baten senideak egindako galderari emandako erantzuna, hain zuzen ere.
Garitanok gehitu nahi izan du polemika hau guztia eragin duen hitzaldiaren baitan Gernikako Akordioa defenditu zuela eta akordio horrek "jatorri guztietako bortizkeriek eragindako biktima ororen erreparazioa" biltzen duela.
Garitanok ostiralean egindako adierazpenak izan dira zurrinbilo honen jatorria. Herrialde Katalanetako udako ikastaro batzuetan diputatu nagusiak eginiko hitzaldiak zeresana eman du azken egunetan, zenbait komunikabidek nabarmendu dutenez, ETAk Herrialde Katalanetan egindako atentatu eta eragindako biktimak «soilik» hartu zituelako kontuan.