Indarkeriaren biktimei "atsekabea eta elkartasuna" adierazi die Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak "bihotz-bihotzez", justizia trantsizionalari buruz Donostiako Aiete jauregian egindako jardunaldi batean.
Egia eta oroimena adiskidetze prozesuetan: nazioarteko esperientziak eta euskal kasuaren erronkak izenburupean egin dute jardunaldia, eta hainbat adituk kontatu dituzte euren herrialdeetako esperientziak: besteak beste, Elizabeth Lira (Txile), Marina Gallego (Kolonbia) eta Francisco Ferrandiz (Espainia) dira parte hartzaileak.
Garitanoren esanetan, "biktima guztien sufrimendu eta oinazearekiko enpatia faltak portaera ankerrak" eragin ditu: "Horrek gure duintasuna debaluatu du gizarte eta gizabanako gisa". Oroitu du Euskal Herrian "urte luzez giza eskubideak urratu" direla, eta jardunaldia "zauriak ixteko" pistak emango dituen "tresna bat" izatea nahi du Garitanok: "Inork ez du errezeta magikorik indarkeria urte hauek eragindako zauriak sendatzeko".
Gatazkak gizartea zatitu duela eta herritarrak "lekuko eta biktima" izan direla azaldu du: "ETAren indarkeriaren biktima izan dira batzuk, eta estatuek bultzatu eta baimendu duten indarkeriarenak beste batzuk". Hori horrela, uste du "hamarkadetan alde bakoitzak bere buruari bakarrik erreparatu" diola: "Ez da ezer jakin nahi izan besteen errealitateaz eta sufrimenduaz, eta, kasu askotan, besteen mina mespretxatzera iritsi arte".