Euskara

Garitanok dio gipuzkoar guztien hizkuntz eskubideak errespetatu besterik ez dutela egin

Espainiako Justizia ministro Alberto Ruiz Gallardonek iragarritakoari erantzunez, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi du gipuzkoar guztien hizkuntz eskubideak errespetatu besterik ez duela egin diputazioak. Gallardonek "delitu zantzuak" ikusi ditu euskara lehentasunezko hizkuntza izateko aldundiak hartutako neurrietan, eta estatuko abokatua gaia ikertzen ari da.   

Berria.info
2012ko urriaren 4a
19:13
Entzun

Martin Garitanok "errespetu falta" egotzi dio Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroari, "legitimoki aukeratutako eta legea zorrotz betetzen duten erakundeak mehatxatzeagatik". Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak kontratazio publikotarako baldintzen artean euskara eskakizun batzuk egitea legez kontrakoa dela esan du Alberto Ruiz-Gallardonek gaur. Donostian izan da Gallardon, PPren hauteskunde kanpainako ekitaldi batean, eta ohartarazi du delitu "zantzu argiak" ikusi dituela erabaki horretan. 

Estatuko abokatuak gaia aztertzen ari direla jakinarazi du Gallardonek. Erantsi du estatuaren abokatuek ikerketa bukatu artean, gobernuak ez duela beste ekintzarik edo adierazpenik aurreratuko.

Garitanok ohartarazi du gipuzoar guztien hizkuntz eskubideak errespetatu besterik ez duela egin aldundiak, eta Espainiako agintariei leporatu die arazo bat dutela hori onartzen ez badute. "Gallardonek “errespetu arazo bat” duela esan du, “legitimoki aukeratutako eta legea zorrotz betetzen duten erakundeak mehatxatu dituelako”. 

“Lehendik onartuak zeuden irizpideak, legeak eta arauak aplikatu besterik ez dugu egin. Orain arte batzuk ez dira aplikatu eta guk aplikatu egin ditugu. Penagarria da Gallardon ministroak ez ezagutzea indarrean dauden legeak, dekretuak eta akordioak, baina hori ez da gure arazoa, Espainiako Gobernuarena baizik”, adierazi du Garitanok. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak astelehenean jakinarazi zuen euskara izango duela lehentasunezko hizkuntza agerraldietan. Gainera, azaldu zuen lehiaketa publiko bat galdu duela enpresa batek orain gutxi, obra zuzendarien artean bi euskaldun behintzat egotea zehazten zutelako kontratazio pleguek, eta enpresak ez baitzuen baldintza hori betetzen.

Antonio Basagoiti PPko lehendakarigaiak "nazi" deitu zion Bilduri atzo, erabaki horrengatik. Madrilgo gobernuari gertatuaren berri emango ziola ere erantsi zuen. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak ere ohartarazi zuen ez duela utziko hizkuntzagatik inor "baztertzen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.