Zahar etxeen lan hitzarmenaren negoziazioan "eskubide urraketa" egitea egotzita, Adegi patronalak auzitara eraman zituen Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentua eta ELA, LAB, COO, UGT eta Lares sindikatuak.
Gaur dute salaketa aztergai Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian. Adegik eskatu zuen behin-behinean bertan behera uzteko diputazioak proposatutako akordioa, baina EAEko Auzitegi Nagusiak baztertu egin zuen aukera hori abenduan.
Epaiketa hasi aurretik, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan du Adegiren salaketa patronalak diputazioaren kontra duen "gaixo obsesioaren" ondorio dela. Haren ustez, auziak ez du "bide juridikorik", eta Adegiren salaketa "bere osotasunean ez onartzeko" eskatuko du.
Diputazioaren lana defendatu du Garitanok, Larraitz Ugarte aldundiko bozeramailea eta Ander Rodriguez Gizarte Politikarako diputatua ondoan zituela; argudiatu du aldundiak "arduraz, lan egin besterik" ez duela egin "zerbitzuaren kalitatea, langileen eskubideak eta adinekoenak errespetatu eta bermatzeko".
Adegiren ustez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Precon aurkeztutako proposamena negoziazio kolektiboan "esku hartzea" zen.