"Erabateko segurtasun juridikoarekin" errauste plantaren obrak gelditzea erabaki ona dela uste du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Duela egun batzuk hartu zuen erabakia GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak, ingurumen baimen bateratua lortu zuen jatorrizko proiektuaren eta lizitatutakoaren artean zeuden "alde handiak" zirela medio. EAJ erabakiaren aurka agertu zen, baimen guztiek indarrean jarraitzen dutelako, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen arabera.
"Auzi honetan ondo jokatu dugun erabateko segurtasun juridikoa dugu, eta norbaitek bekaturik egin badu, ez dugu guk egin. Erabat lasai gaude", baieztatu du goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean. Eta gehitu du "kreditu toxiko horiek kostu hain altuan sinatu dituenari" eskatu beharko litzaiokeela erantzukizuna. Garitanoren ustez, Europako Batzordearekin "bat egiten duen politika" aplikatzen ari dira, eta, alde horretatik, hondakinen kudeaketaren kontuan, "soil-soilik teknikoa" izan behar lukeen kontuan, norbait "hautsak harrotzen" ari da.
Bestelako gaien inguruan ere hitz egin du Garitanok. Gipuzkoak martxan jarri nahi duen bidesarien sistema berriak ere eztabaida piztu du. Garitanok azaldu duenez, Gipuzkoak eskumena du alor horretan, eta aurrera egingo dute bidesari berriak ezartzeko sistemarekin. "Arabak eta Bizkaiak ere euren herritarrak saritzen dituzte euren errepideetan. Guk sortu ez dugun zorra du Bidegik, 900 milioikoa, baita errepideen mantentzeak eragindako defizit historikoa ere, estali behar dena", azaldu du Garitanok. Horrez gain, adierazi du Nafarroako, Bizkaiko eta Arabako gidariei ere onurak ekarriko dizkiela bidesarien sistema berriak, gehienez ere 25 euroko "arrazoizko" kuota ordaindu beharko baitute. Bizkaiko Diputazioari ohar bat ere bidali dio Garitanok: "Bizkaia konturatzen denean Supersur finantzatu behar duela, bidesaria jarri beharko du, hondamendi ekonomikoa baita".
Igeldoren desanexioari buruz, berriz, adierazi du gaiaren gaineko erabakiak hartzea foru aldundiari dagokiola, eta ez Donostiako Udalari, nahiz eta zer dioen "entzungo" duen. "Herri galdeketa egingo dugu Igeldon, eta herritarren iritziaren arabera hartuko dugu erabakia. Donostiarekin alderatuta, idiosinkrasia eta bizimodu erabat desberdinak dituen herria da Igeldo: ez dut elementu eskandalagarririk ikusten, eta Gipuzkoako 89. herria izatea erabakitzen badute, ez da ezer pasako".