Garoñako zentral nuklearra ixteko eskatu dute dozenaka herritarrek Gasteizen, PPren egoitzaren aurrean. Eguzkik antolatu du elkarretaratzea, zentrala atzerako bueltarik gabe ixteko eskatzeko. EH Bilduko hainbat hautetsik bat egin dute protestarekin.
Hain justu, gaur argitaratu dute zentrala ixteko agindua Espainiako Aldizkari ofizialean. Alberto Nadal Espainiako Energia idazkariak sinatu du agindua. Espainiako Industria ministro Jose Manuel Soriak joan den ostiralean onartu zuen Garoñaren ustiapena amaitzea.
Baina, ixteko agindua ematearekin batera, zentrala berriz irekitzeko bidea prestatzen ari zela iragarri zuen Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteorde eta bozeramaileak: “Industria Ministerioak araudia aldatuko du, berriro martxan jartzeko aukera izan dezan”.
Nuclenorri —zentralaren jabetza duen enpresa— uztailaren 6an bukatu zitzaion zentrala ustiatzeko baimena, hala zehaztu baitzuen gobernuak 2009ko uztailaren 3an. Epe hori luzatzen saiatu dira Espainiako Gobernua eta Nuclenor, baina horretarako legezko epea amaitu zitzaien.
PPk Garoñari atea irekita utzi nahi diola salatu dute, hortaz, Eguzkik eta EH BIlduk. "Ingeniaritza juridikoak" alde batera utzi eta zentrala behin betirako ixteko urratsak egiteko eskatu dute.